Arantxa Blanco Garde

«Lasterketarako afizioa haunditzen ari da Urdazubin»

Ttipi-Ttapa 2022ko urr. 7a, 13:00

Kontrabandisten Lasterketa eginen dute asteburu honetan Urdazubin eta antolaketa taldeko Arantxa Blancoren aritu da TTIPI-TTAPA.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Pertsona aktibo eta geldiezina naiz, gauza berriak probatzea eta ekimenak burutzea gustuko duena.

Zein dira zure zaletasunak?

Kirola egitea aunitz gustatzen zait; mendian oinez, lasterka, bizikletarekin… baita bidaiatzea eta kuadrillarekin egotea ere.

Urdazubiko Kontrabandisten Lasterketako antolaketan zaude. Noiztik egiten da?

Laster 20. edizioa eginen dugu.

Non du bere jatorria?

Mendi lasterketak gustuko duten herritarren egitasmoa izan zen, herriak duen kontrabandoaren historiarekin elkartuta ekimen berri bat sortzeko.

Lan haundia da?

Bai, ordu aunitz ematen ditugu antolakuntzan, aurten batez ere; hainbat herritar ibilbidea garbitzen aritu dira eta arras polita gelditu da. Gainera, kudeaketa lanak, parte-hartzaileen zerrendak, babesleen bilaketa eta eguneko lanak ere egin behar dira. Herritarrak aunitz laguntzen dute eta eskertzekoa da.

Jende aunitz espero duzue?

Joan den urtean 100 bat lasterkari izan ziren eta aurten berdintsu edo gehiago espero ditugu.

Berrikuntzarik izanen da?

Bai, maratoi erdiko ibilbidea guztiz aldatu dugu. Gainera, Nafarroako Mendi Federazioari esker aurtengo maratoia Nafarroako Mendi Lasterketako Kluben Txapelketa izanen da, eta horrek ezagutzera ematen lagunduko digu.

Horrelako ekimenetan parte hartzea gustuko duzu?

Bai, aunitz. Ekimen hauetan gustura parte hartzen dut eta horregatik uste dut garrantzitsua dela noizbehinka antolakuntzan ibiltzea, bertzeek ere goza ditzaten.

Zaletasun haundia dago herrian?

Bai, Urdazubin mendirako zaletasun haundia dago eta geroz eta jende gehiago aritzen da lasterketetan. Horrelako ekimenek aunitz laguntzen dute afizioa zabaltzen.

Zure asmoak epe motzera?

Lasterketa egunean dena ongi ateratzea, jendeak ongi pasatzeko eta hurrengo edizioetan errepikatzeko.

Eta epe luzera?

Arizkunen Mugarki kirol gunea sortzen ari gara hainbat herritarren artean, rokodromo eta gimnasioarekin, eta lasterketa bukatuta horretan arituko gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun