Herriko bizian aktiboki parte hartzen duten gazteak
Atxiloketaren berri izan ondotik, Senpere Bai herriko talde abertzaleak atxiloketak gaitzetsi zituen ohar baten bidez. «Polizia frantsesaren operazio horrek Euskal Herriko gazteria kriminalizatzea du helburu, frantses estatuaren betiko norabidea segituz» zioen oharrean.
Gainera, atxiloturiko lau gazte hauek «Senpereko bizian parte hartzen dute, hala nola, besta komitean, gaztetxean, dantza taldean edota SPUC kirol elkartean». Gazte horietako bat hautetsia da Herriko Etxeko gehiengoaren taldean, Senpere Bairekin egindako fusioaren ondorioz.
Talde abertzaleak etxebizitzaren espekulazioaren arazoari heldu zion bere agirian. «Frantses estatuak etorkizunaz kezkatua agertzen den gazteria kriminalizatzea hobesten du, Euskal Herriak etxebizitzaren arloan bizi duen arazoari berehalako erantzun konkretuak atzeman ordez. Etxebizitza turistikoei emandako konpentsazio sistemaren deuseztatzea honen adibide bat da», deitoratu dute.
Mugimendu abertzalearen arabera, frantziar justiziak erabiltzen dituen metodoen helburua «gazteria beldurtu eta kriminalizatzea» da. «Frantses estatuak iraganeko errezetekin segitzen du: Euskal Herritarren gehiengoaren aldarrikapenak ukatzen ditu eta errepresioan tematzen da», deitoratu zuen EH Baik. LAB sindikatuak eta Xuti Gazte! ekimeneko gazteek ere salatu zituzten atxiloketak.