Normalean, «juntan bi urtez egoten gara, baina azken urte hauetan bestarik ospatu ez denez, bertze urte bat gehiago gelditu gara, sartu direnei erakusteko». Bortz gaztek osatzen dute batzarra, 24-27 urte artekoak; «hiru sartu dira aurten. Urte batez bi sartzen dira eta hurrengoan hiru, txandatuz, eta barnean daudenek sartu berriei erakusten diete». Juntaren lan nagusia inauteriak eta bestak antolatzea da, «eta tarteka mus txapelketaren bat, bertso saioren bat eta dirua biltzeko horrelako ekitaldiak egiten ditugu».
Bestetarako prest
Bestaren «antolaketa osoaz» arduratzen dira batzordeko gazteak; «hiru hilabete lehenago hasten gara dena prestatzen; publizitatea, kontzertuak, afariak, txartelak, jatekoak, bilerak… mila gauza daude egiteko, eta batzuk tontakeriak dira baina egin behar dira». Lanak denen artean banatzen dituzte, «baina azkenean denok denetik egiten dugu, bakoitzaren egoera desberdina delako. Batzuk bertzeek baino denbora gehiago dute, ni adibidez aurten lanarekin eta oposizioekin nago eta ez dut horrenbertzeko denborarik, eta horren arabera moldatzen gara. Astean behin gelditzen saiatzen gara zer egin dugun eta zer egin behar den ikusteko».
Lan handia da baina «gogotsu» antolatu dituzte bestak aurten; «duela bi urte antolatu genituen baina ezin izan genituen ospatu, eta joan den urtean ez genuen deus egin, hortaz, inoiz baino gogo gehiagorekin antolatu ditugu aurtengo bestak». Herritarrak ere gogotsu ikusten ditu; «eta ez gazteak bakarrik, helduak ere gogoekin ikusten ditut eta zer prestatu dugun aunitz galdetzen digute».
Jarduerak herritar guztientzat
Egitaraua «denen gustura» egiten saiatu dira, «haurrendako jokoak, bazkariak, gazteendako kontzertuak, helduendako mariatxiak, pilota, aizkora… denendako zerbait ekartzen saiatzen gara beti». Kontzertuekin bereziki «iparraldeko eta hegoaldeko herrietako gazteak» erakarri nahi dituzte larunbatean, apustu handia egin baitute; Modus Operandi eta La Topadora taldeak izanen dira oholtzaren gainean. «Musikari garrantzia eman diogu eta gastu handiena izan dira, horregatik, kostu horiek estaltzen saiatu nahiko genuke, eta jendea etortzera animatu nahi dugu. Bazkariaren aldetik ez dugu kezkarik, jendea urtero etortzen da eta badakigu etorriko direla».
Bestetako ekitaldirik gustukoenari buruz galdetzean, Perurenak argi du: «larunbateko zikiroa. Heldu eta gazteak elkartzen dituen bazkaria da, herritar guziek elkar ikusten dugu eta txarangak aunitz animatzen du giroa. Herritar gehienek gogo aunitzekin hartuko dugun eguna izanen da zikiro eguna».
Bestondoarekin ere lanera
Besta eguna da, baina baita lan egiteko eguna gazte hauendako; «kristoren ardura da eta erantzukizun dezente ditugu. Tontakeriak dira baina adi egon behar dugu, beti etortzen da jendea galdezka, dena antolatu behar da… eta guk prestatu dugunez, guk dakigu non dauden gauzak, noiz etorriko diren eta dena. Jendeak aunitz laguntzen digu baina hala ere guk beti hor egon behar dugu. Baina gustura gaude, ez da horrelako sakrifizioa!».
Akitzeko, «jendea etortzera animatu nahi dugu eta eskerrak eman nahi diogu Urdazubiko eta inguruko jendeari laguntza guziagatik».