Zugarramurdiko herriguneko trafiko arazoak bertatik bertara ezagutu dituzte Nafarroako parlamentariek

Ttipi-Ttapa 2022ko mai. 12a, 10:00

Zugarramurdiko Udalak 1,9 milioi euro beharko lituzke saihesbidea egin ahal izateko. Saihesbideak NA-4401 errepidea frontoiarekin eta aparkalekuarekin lotuko luke, herrigunetik pasatu beharrik gabe. Gehien bat belaiak hartuko lituzke, Azketako bidea eta Zorribenta erreka inguruko zuhaiztia.

Nafarroako Parlamentuko Lurralde Kohesioko Batzordeak Zugarramurdi bisitatu zuen maiatzaren 11n, Parlamentuko talde guztiek eskatuta, herriko hiriguneko trafikoaren arazoa eta Udalak horren inguruan dituen planteamenduak ezagutzeko.

Isabel Olabe eta Patxi Perez (Navarra Suma), Virginia Magdaleno (PSN), Pablo Azkona (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EHBildu) eta Marisa de Simon (Talde Mistoa-Ezkerra) izan ziren Zugarramurdi visitatu zuten parlamentuko batzordeko ordezkariak eta hauek harrera egin zieten Evaristo Mentaberri Zugarramurdiko alkateak eta Juan Miguel Ariztegi zinegotziak, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Florentino Goñi, Baztango udaleko Herrilan zinegotziak eta sarbide berriko proiektua lantzen ari diren Maria Urmeneta eta Saioa Rey arkitektuek.

Topaketa Zugarramurdiko hirigunean hasi da, eta 230 bizilagunera ailegatzen ez den herri horrek duen «zirkulazio-arazoaren muina» ezagutu dute, Karrika nagusiko bi etxeren arteko estugunea da, ia 3 metro zabal ez dena, eta, banaz bertze, egunean mila ibilgailu pasatzen diren lekua.

Evaristo Mentaberri Zugarramurdiko alkateak azaldu duenez, «arazoa larriagoa da bisitari-kopuru handiko egunetan. Joan den urtean 85.000 lagunek bisitatu zituzten leizeak eta 40.000 lagunekoa Sorginen Museoa. Baina pandemiaren aitzineko urteetan 100.000 lagun ere sartu izan dira leizeetan. Bisitariak mugaren bi aldeetatik datoz».

Turistez gain, Dantxarinera merkantzia garraioan edo lanera doazenak kontuan hartu behar dira, «gehienak Bera, Etxalar edo Baztandik, N-121-B errepidetik baino laburrago baita».

Segidan, Parlamentuko ordezkaritzak, María Urmeneta arkitektoaren eskutik, Udalak egin nahi duen jarduketaren proiektua ezagutu du. Sarbide berri bat da, «kanpoko saihesbide moduko bat», Dantxarineko merkataritza gunearekin eta turista ugarirekin sortzen den trafiko handia hartuko duena, gaur egun herriko plaza zeharkatzera behartuta baitago. Proiektuan aurreikusten da, gainera, sarbide berria Zugarramurdiko aparkaleku turistikora iristea, karrika nagusitik igaro beharrik gabe.

1,9 milioi euroko inbertsioa

Hala ere, Evaristo Mentaberri alkateak azaldu duenez, irtenbidea «ez da erraza, Saratik datorren bide nagusia udalarena baita eta, gainera, Baztango Udalarena den zati bat ere badu». Kategoria horrek Nafarroako Gobernuaren jarduna mugatzen du eta Zugarramurdiko udala 1,9 milioi euroko aurrekontua duen saihesbidearen obra ordaintzeko laguntza ekonomikoa bilatzera behartua dago.

Saihesbidea egin ahal izateko, Zugarramurdiko Udalak Udal Planeko egiturazko aldaketa bat onetsi zuen, hiri-lurzoru, lurzoru urbanizagarri eta ez-urbanizagarriei eragiten dien herrirako sarbide berriaren proiektua garatu ahal izateko hirigintzako irizpideak ezartzeko. Aldaketaren xedea da sarbide berri bat definitzea, ibilgailuak hirigunetik igaro ez daitezen, eta egungo aparkalekuaren inguruan bizitegi eremu bat definitzea.

Saihesbideak NA-4401 errepidea frontoiarekin eta aparkalekuarekin lotuko luke, herrigunetik pasatu beharrik gabe. Gehien bat belaiak hartuko lituzke, Azketako bidea eta Zorribenta erreka inguruko zuhaiztia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun