Zugarramurdiko saihesbidea egiteko dirulaguntza bila Nafarroako Parlamentura bisita egin dute

Ttipi-Ttapa 2022ko mar. 25a, 14:00

Trafiko arazo handiak izaten dituzte Zugarramurdin egun seinalatutan.

Banaz bertze egunean mila ibilgailu pasatzen dira herrigunetik eta kopurua izugarri igotzen da egun seinalatuetan

Zugarramurdiko saihesbidea gauzatu ahal izateko dirulaguntza bila Nafarroako Parlamentuko taldeekin bildu ziren martxoaren 24an Evaristo Mentaberri Zugarramurdiko alkatea eta Florentino Goñi, Baztango udaleko herri-lan zinegotzia. Saihesbidea egiteak 1,9 milioi euroko inbertsioa eraginen luke eta zati bat edo osorik ordaintzeko emendakina onartzea eskatu zieten talde politikoetako ordezkariei.

Izan ere, joan den urriaren 7tik 25era egindako udal azterketaren arabera, banaz bertze mila ibilgailu inguru igarotzen dira Zugarramurdiko herrigunetik eta kopuru hori izugarri igotzen da egun seinalatuetan, asteburuetan, Aste Santuan edo udan. Nafarroako bigarren helburu turistiko nagusiena da Zugarramurdi eta joan den urtean, pandemia bete-betean izan arren, 85.000 bisitari izan zituzten leizeetan eta 40.000 Sorginen Museoan. Horren eraginez, zenbait egunetan plaza inguruan «kaosa» sortzen dela onartu du alkateak eta «soluzio errazik ez badu ere» saihesbidearen premia azpimarratu du.

Saratik datorren errepidea, Baztango lurretatik ere igarotzen dena, landa-bidetzat hartua da eta horrek Nafarroako Gobernuaren ekimena mugatzen du. Lehen izapideak egiten hasi bada ere, Zugarramurdiko udalak babesa beharko luke horrelako lan bati ekin aitzinetik.

 

Saihesbidea egin ahal izateko dirulaguntza aukerak aztertzen ari da Evaristo Mentaberri Zugarramurdiko alkatea.

 

Evaristo Mentaberri, Zugarramurdiko alkatea:

«Zenbait egun seinalatutan kaosa izaten da Zugarramurdiko plaza inguruan»

 

Saihesbiderako finantziazio bila joan zineten ortzegunean Iruñera. Zer sentsaziorekin itzuli zarete?

Sentsazio onekin itzuli ginen, baina denbora eskas izan genuen, Ezkerra eta Geroa Baiko taldeekin izan ginen. Seguruenik bertze laneko egun batera joan beharko dugu, bertze taldeekin ere bildu. Proiektu potoloa da eta ongi argitu behar dira gauzak.

Zugarramurdiko erdigunean arazo handia bihurtu da trafikoa azken aldian…

Arazo handia da bai, joan den urteko urri erdian egindako neurketa batean, banaz bertze mila auto igarotzen direla ikusi genuen. Hau da, ez zen turista gehien ibiltzen den garaian egindako neurketa. Aste Sainduan, udan, zenbait aste hondarretan kopuru hori aisa handiagoa da. Baina turisten autoez gain, lezeak bisitatzera datozen autobusak ere hor ibiltzen dira eta Baztango lurrean (guk ez baitugu mugarik Sararekin) gasolindegi bat bada, azulejoak saltzen dituen lantegi bat ere bai, eta kamioiak ibiltzen dira harat-honatean… Plaza inguruan trailerrak bide osoa behar du beretzat pasatzeko eta ez dira hamar metro, aparkalekutik plazaraino badira ehun metro, eta hor ez da deus gurutzatzen ahal, kaosa da. Hor denak elkartzen dira eta hori dugu afera. Bertze bitxikeria da bide rurala, landa-bidea dela eta subentzione aldetik ez da deus lortzen ahal. Horregatik alderdiekin egon beharra dugu, ea aurrekontuen emendakin gisara zerbait lortzen ahal dugun, horrela bakarrik egin daiteke.

Saihesbidea nondik joaten ahal den edo pentsatua duzue?

Nondik joaten ahal den saihesbidea pentsatua dugu, lehenbiziko lanekin hasiak gara, xehetasun estudio bat egin genuen duela urte batzuk, memoria baloratua egina da eta tramite batzuekin hasiak gara. Proiektua ez da oraino idatzia, Ur Konfederazioaren baimena lortu beharra dugu aitzinetik.

Aparkaleku kopurua ere emendatzen ari zarete…

Bertze aparkaleku bat ere egina dugu, 50 autorendako lekuarekin. Bisita guztiak egunean zehar partekatzeko gisan egina da, ez izateko denak kolpean. Martxan ezarria dugu hori. Azketa jatetxeak ere bertze 50 autorendako aparkalekua antolatua du, bere gain hartuz gastuak, eta edonork erabiltzeko uzten du eta lehendik bertze 100 autorendako eta bortz autobusendako aparkalekua bazen. Denera 200 bat autorendako lekua bada, baina zenbaitetan eskas gelditzen dira guztiak. Ez dugu munizipalik eta egun seinalatu batzuetan, urtean hogei egun izaten dira, auto-pilaketarik ez izateko eta zirkulazioan laguntzeko hiru lagun ematen ditugu. Leizeko eta museoko sarrerak on-line saltzerakoan jendea gehiago banatzen ahal dugu, ordutegiaren arabera, jendea txandaka-txandaka etortzeko. Leizeetan goizeko ordutegia ordu erdi gehiago ere luzatu dugu.

Bertze lan batzuetan ere hastekoak zarete…

Herri ttikia gara eta sos aldetik laguntza beharra dugu. Gainera, orai hasiko gara udaletxea berritzen eta leizeen irisgarritasuna eta ingurumena hobetzeko lan batzuekin ere hastekoak gara. Horiek ere proiektu potoloak dira. Lehengo urtean miradore berria egin genuen, ehun bat metro, prototipo gisara eta ea Aste Saindurako irekitzen ahal dugun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun