EHZ Festibalaren 26. edizioa Irisarrin eginen da uztailaren 1etik 3ra, eta kontzertuez gain mintzaldi, mahai-inguru, antzerki, ikuskizun eta bertze hainbat ekimen izanen ditu. Musikari dagokionez ere, bertaratzen direnak rap, rock, pop, rumba, metal eta mota guzietako doinuak entzuteko aukera izanen dute.
Dagoeneko iragarri bezala, Niko Etxart, Ezpalak, Ibil Bedi, Calling Marian, Fizt & Furiuz eta Gaitistaneko Orkestra taldeak izanen dira bertan, eta orain haiei gehituko zaizkie Bulego, Madelyn Ann, Eesah Yasuke, Amorante, Joseba Tapia, Frigo eta Kilimak taldeak. Gainera, hainbat artistek aurten plazaratutako lanak zuzenean ikusteko aukera izanen da, bertzeak bertze, Frikun taldearen Ezerezko herria diskoa, Merina Grisen Airaka albuma, Volk post-punk taldearen Vulk ez da eta ØDEI raplariek estreinatutako Terapia. Baieztatua zegoen KOKOKO! talde afrikarrak, berriz, ezin izango du jo.
Mintzaldi eta mahai-inguruen programazioa aitzinerago iragarriko dute antolatzaileek.
Laguntzaile izateko izen-ematea
EHZ Festibala «auzolanean eta laguntzaileetan» oinarritzen den ekimena da, eta beraz laguntzaileak behar dituzte antolakuntzarako. 500 bat laguntzaile beharko dituzte jaialdia aitzinera ateratzeko eta izen-ematea gaur ireki dute, ehz.eus atariaren bidez. Gainera, webgune berean hiru eguneko sarrerak paratu dituzte salgai 45 eurotan, maiatzaren 25era arte. Tokian berean sarrerak 55 eurotan egonen dira eta egunez eguneko txartelak ekainaren 1etik aitzinera paratuko dituzte salgai.
Tailerrak
Egunero bizitzen ditugun problematikei buruz gogoetatu ahal izateko gunea da EHZ festibala. Horregatik, elkar trukaketa eta hausnarketa aldia ahalbidetuko duen gune eta tarte bat proposatzen dute, eduki politikoari garrantzia nabarmena eskainiz eta formakuntza eskaintza zabal eta aberatsa proposatuz.
Eskaintza politikoak lehentasunezko tokia du EHZ Festibalean: tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak, bestelako lanketa kolektiboak... Bost gai nagusi jorratuak izanen dira aurten, eta gai horien lantzeko, larunbat goizean hainbat mahai-inguru eta hitzaldi antolatuak izanen dira hainbat eragileren lankidetzari esker. Goizeko mintzaldiek bide emanen diete arratsaldeko tailer praktikoei, eta horietan ardatz bereziak landuak izanen dira hogeinakako tailer interaktiboetan. Honela, formakuntza eta hausnarketarako momentu bat eskainia izanen zaio parte hartzaile orori, elgarrekin gogoetatuz eta jakintza teoriko zein praktikoak partekatuz. Kontsumitze soiletik harago, festibalariak aktore bilakatzea dugu xede, interakzioa piztu eta bere parte hartzearen bidez ekarpenak egitea sustatuz.
Funtsean, festibalak esperientzia kolektibo anitzen espazioa izan nahi du.
Ikusgarriak
Publiko guztiei egokitutako eskaintza proposatzen du festibalak, haurrei ere zuzendutako programazio berezi batekin. Haurren Xokoak urtero biltzen ditu ttikienei liluratuko dien esperientzia meta erraldoi bat: pailazoak, magoak, dantzak, eskulanak, ipuin kontalariak, jolasak, ezagutza berriak eta abar.
Konpromisoa
EHZ Festibalak ingurumenarekin errespetuan jarduteko konpromiso irmoa du eta horregatik, Euskal Herrian eta Europan aitzindariak izan diren ekinbideak ezarri ditu martxan: plastikoaren erabilpena murriztea ahalbidetu duten edalontzi berrerabilgarriak, produktu kimikorik gabeko komun idorrak, garraio kutsadura saihesteko zero KM-ko ekoizpenak eta birziklapen neurriak, konparaziora. Brigada Berdeko kideak ditugu konpromiso horien zaintzaile zintzoak!
Elikadurari dagokionez, eskualdeko eta Euskal Herriko ekoizleen eskutik eratorritako ekoizpenak dira bertan aurkituko dituzun gehien-gehienak. Eskualdeko garapenarekiko eta garraiotik eratorritako kutsadura emisioak murriztearekiko konpromisoa du festibalak, eta ahal den heinean, ekoizpenak baserri biologikoetatik izatea lehenesten da.
Era berean, diru-trukaketak saihesten ahalegintzen dira festibalaren eremuaren barnean, behin-behineko 'Ttantto' sistemaren bidez ordezkatuz.
Erasorik gabeko gunea
EHZ festibala emazteen, aniztasunaren eta sexu-askapen eskubideen babes-gune den heinean, ez da inolaz ere eraso sexista, lesbofobo, homofobo, arrazista edo dena delakorik onartuko. EHZ Festibala pertsona guztiak aske eta errespetaturik sentitzeko gune gisa ulertzen dugu. Horrenbestez, gogoz kontrako ukimenduak, irainak, bazterkeriak eta bestelako jarrera desegokiak irmotasunez gaitzetsiak izanen dira, eta jarrera horiek festibaletik kanporatuak izanen dira.
Brigada Ubelari esker gai hauen inguruko sentsibilizazio eta zainketa lana eginen da EHZ Festibalean.