Uztailaren 1etik 3ra Irisarrin eginen da EHZ Festibala aurten. Formatuari dagokionez, haurren xokoa, Ospitalea, pentzea, plaza eta akanpalekua izanen ditu. Herriko plazako gunea dohainik izanen da, garrantzia handia ematen baitiote «kultura denontzako eskuragarri» izateari. Solasaldiak, zirkua, dantzak, bertsoak eta bertze hainbat ekitaldi eginen dituzte bertan. Kontzertuak, berriz, pentzean eginen dira, sartzearekin. Gainera, aurtengo berritasun gisa, antzerkiari dedikaturiko leku bat izanen da, «kultur adierazpen horri leku gehiago emateko asmoz».
Egitarauaren lehen baieztapenak egin dituzte dagoeneko. «Doinuen aniztasuna eta aberastasuna» aitzinean paratuta, pentzeko eszenatokian joko duten artisten artean Ezpala, Ibil Bedi, Calling Marian eta Fizt & Furiuz taldeak izanen dira, baita Niko Etxarten emanaldia eta Kinshasatik datorren KOKOKO! kolektiboaren afrikar musika elektrikoaren erakustaldia ere.
Antzerki, zirku eta dantza ikuskizunek osatuko dute programazioa, horrela, plazan Gaitistaneko Orkestrak gaitak eta kobreak aterako ditu. Haatik eta Hastapenetik dantza taldeen ikuskizunak ikusgai izanen dira bertan, baita Sarini Zirko konpainiaren akrobaziak ere.
Ospitalean, berriz, tailer, solasaldi eta mahai-inguruak eginen dituzte, «gaur egungo erronken inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko». Bertzeak bertze, euskara, gerlak, populu autoktonoen zapalkuntza eta eritasun mentalak izanen dituzte mintzagai. Josu Martinezek Baigorrin grabatutako hiru film labur ere proiektatuko dituzte.
Sarreren aurre-salmenta
Hiru eguneko sartzeak salgai daude gaurtik aitzinera, kopuru mugatuan eta 35 euroren turke, www.ehz.eus atarian. Egunez eguneko sartzeak berantago paratuko dituzte eskuragarri. Gainera, heldu den asteetan festibalean laguntzaile izateko izen-ematea abiatuko dute.