‘Maddiren trajeria’ pastorala urriaren 15ean eta 16an joko dute Zugarramurdiko leizeetan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2022ko api. 21a, 15:00
Pastoralaren aurkezpenean izan dira Gerado Mungia idazlea, Eukene Xurio, Juan Migel Olaizola eta Pantxika Urruty errejenta, zenbait arizale eta laguntzailerekin batera.

Xaretako ehun lagun baino gehiago ari dira lanean eta hamabortz egunez behin biltzen hasiak dira prestaketa lanetarako

Lehen aldikoz pastorala antolatu dute Xaretan eta urriaren 15ean eta 16an aurkeztuko duten Zugarramurdiko leizeetan. Maddiren trajeria pastorala idatzi du Gerardo Mungia Pintxek eta Pantxika Urruty izanen da errejenta. Hain zuzen, duela bortz urte Etxalarko Karmen pastorala idatzi eta gidatu zuten berberak. Denera, Ainhoa, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdiko ehun lagun baino gehiago ari dira lanean eta Zugarramurdiko emanaldien ondotik, Saran ere egiteko asmoa dute.

Gaur egin dute pastoralaren aurkezpena Zugarramurdiko Akelarre elkartean. Juan Migel Olaizolak aipatu duenez, «bistan denez, guk ez dugu nehoiz pastorala egin, eta nahiko fite konturatu ginen lan handia dela eta jende ainitz behar zela, Zugarramurdin ez ginela jende aski hori antolatzeko. Berehala erabaki genuen Xaretako jendeari irekitzea, jakin gabe segur proiektua aitzinera ateratzerik izanen ote genuen. Baina Pantxika Urrutyk lasaitu gintuen eta aitzinera egin dugu, desafioak maite ditugulako. Lau herrietako jendea biltzen ari gara, maiz elkarrekin proiektuak ez ditugunak eta hau okasione aski ederra da, elkarlanerako». Gu ez gara ez kantariak ezta dantzariak ere eta pazientzia handia izaten ari dira gurekin».

Eukene Xuriok adierazi duenez, «proiektu hau aitzinera ateratzeko sosa biltzen ari den jendea ere aipatu behar da. Ez da batere erraza dirulaguntzak lortzea eta hor ari dira. Horretan ere ez dugu ohiturarik».

«9-10 kantore eta 200 bat berset»

Gerardo Mungia Pintxe egileak aipatu duenez, «gutti ezagutzen den istorio bat kontatzen du pastoralak, nahiz eta Pierre Lafittek kondaira hori gogoratzen zuen bertsoa aurkitu zuen, Maddi oreina bilakatu neska izenburuarekin eta Benito Lertxundik kantatu zuen. Egunez orein eta gauez neskatila den Maddiren istorioa kontatzen du. Etxeko zakurrek oreina hiltzen dute. Hortik abiatzen da nik idatzitako istorioa, nerabetasunetik gaztetasunerako bidea, ehizaren bi alderdiak, oihaneko piztiak, euskal mitologiako hainbat pertsonaia… horiek dira pastoral honetako sujeta garrantzitsuenak. Gorriak, berriz, Xaretan maleruski aski ezagunak izan diren inkisidoreak, Urdazubiko abadea, Pierre de Lancre, Aymeric Picaud, Valle Alvarado, jaunskilak, iratxoak… pastoralak behar duen gaiztotasuna irudikatuko dute. 9-10 kantore eta 200 bat bertset izanen dira».

Akelarre elkartean egindako aurkezpenean pastoralean parte hartuko duten hainbat lagun izan dira.

 

«Idatzia, kantua, dantza, musika eta jantziak oholtzan»

Pantxika Urruty errejentak gogoratu duenez, «pastoral guztiek bezala Maddiren trajeria pastoralak ere bortz alor ekarriko ditu oholtza gainera: idatzia, kantua, dantza, musika eta jantziak». Hortaz, bortz arduradun ditu: testuaren idazlana, aipatu bezala, Gerardo Mungia Pintxek egin du; musika eramailea Patrick Calvet izanen da, bertze hamar bat musikarirekin; dantza eramailea Arnaud Izal, satan dantzetan berezitua eta dantza sozialen irakaslea, Pierre Goyaren laguntzarekin; kantu eramailea Marylis Daguerre eta jostunen eramailea Beronik Ondikola, hamar bat dendariekin jantzien asmatzeko eta josteko. Pantxika Urruty errejentarena da kargu nagusia, alor horien koordinaketa eta taula jokoen asmatzea».

Hasiak dira biltzen

Pastorala prestatzeko lanean hamabortz egunez behin biltzen hasiak dira. «Igandetan biltzen gara, eta igande osoa ematen dugu gehienetan, goiz-arratsalde 60-70 bat lagunek. Horrek ere lan handia ekartzen du, frontoiko lagun hauentzat bazkaria prestatuz …».

Hurrengo mustrakak larunbat honetan, apirilaren 23an, maiatzaren 1ean eta 22an eta ereiaroaren 5 eta 19an eginen dituzte eta mustraka orokorra uztailaren 3an eginen dute. Halere, agorrilean eta buruilean ere izanen dituzte gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun