Fiskalaren akusazioaren arabera, «akusatuak istripua izan ondotik, txirrindulari bat harrapatu zuela jakinda ere, ez zuen ibilgailua gelditu, ez eta larrialdi-zerbitzuei deitu ere. Abiadura handian istripuaren tokitik alde egin zuen, kilometro batzuk urrunago pista batean sartu zen eta han autoa ezkutatu egin zuen, eta handik oinez joan zen bere etxera».
Foruzaingoak istripua gertatu eta hiru ordura aurkitu zuen autoa eta ondotik baita akusatua ere bere etxean. Momentu horretan alkoholemia probak egin zizkioten (0,62 eta 0,64), eta listua aztertu ondotik positibo eman zuen anfetaminan. Atestatuan zehazten zenez, «akusatuak kontsumitutako substantzien eraginpean egotearen sintomak zituen, hatsean alkohol usaina zuen, motel eta inkoherente hitz egiten zuen, denbora eta espazio desorientazioa zuen eta begi distiratsuak zituen».
Horiek horrela, gaur hasiko den epaiketan fiskaltzak 4 urteko kartzela zigorra eskatuko du giza hilketagatik eta bertze 3 urteko kartzela zigorra istripuaren lekutik alde egiteagatik.