25.000 urteko labar-grabatuen multzo harrigarria aurkitu dute Urdazubiko Alkerdi 2 leizean

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 30a, 14:18

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia-Bianako Printzea Erakundeak eta Urdazubiko Udalak aurkikuntza historikoa aurkeztuko dute urriaren 2an, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien barrenean.

Dozena bat grabatu topatu dituzte Alkerdiko bigarren leizean, bisonteak, uroak, zaldiak, eta bereziki, lau bulben irudiak. Horiekin batera, margo gorriarekin egindako bortz marra bikoitz ere topatu dituzte. Pasabide estu batetik igarota dagoen leku batean daude grabatuak, leizearen sakon-sakonean, gaur egungo sarreratik bi solairu beheitiago.

Kantabriako Unibertsitateko Diego Garate adituak gidatutako behin-behineko ikerketa larunbatean aurkeztuko dute Urdazubin.

Ezohiko ezaugarriak

Oraingoz, aztarna multzo bikaina da aurkitu dute, labar-arte paleolitikoan batere ohikoak ez diren ezaugarriekin.

Salamancako Unibertsitateko Olivia Riverok eta ikerketa taldeko kideak aipatu duenez, «harrian grabatutako marren azterketa teknologikoak erakusten du haiek egin zituen pertsonak ez zuela artisten berezko trebetasunik. Egilea esperientziarik gabea dela ematen du, ez baita gai marra jarraiak eta seguruak sortzeko».

Gravetiar garaiko irudiak dira (orain dela 28.000 eta 20.000 urte ingurukoak) eta Europako eremu kontinentaleko konbentzio grafiko batzuekin antzekotasuna dute. Hau da, garai horretako antzeko adibiderik apenas dago iberiar penintsulan eta horixe da, hain zuzen, Urdazubin aurkitu diren irudi hauen bereizgarririk garrantzitsuena.
 

Alkerdiko eta Berroberriko leize-zuloen historia

Alkerdiko eta Berroberriko aztarnategi arkeologikoen historia 1930ean hasi zen, N. Casteretek Nafarroako lehen labar-grabatu paleolitikoak aurkitu zituenean.
 
Alabaina, 2014an bi gauza garrantzitsu gertatu ziren: Alkerdi I leize-zuloan dekoratutako sektore berri bat aurkitu zuten, eta Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiak (Vianako Printzea erakundea) ikerketa proiektu handi bat abiarazi zuen, bi haitzuloen ingurune osoaren potentzial arkeologikoa ebaluatzeko.

Aranzadi Zientzia Elkarteari enkargatu zitzaion ikerketa proiektu berri hura, eta Urdazubiko Udalak ere lagundu du azken urteotan. Horrela, 2016an Alkerdi 2 aurkitu zuten eta baita Paleolito garaiko labar-artearen adierazpen berriak eta ordura arte ezezaguna zen galeria baten luzapen garrantzitsu bat ere. Horien ondorioz, Alkerdi-Berroberria sistema osoa interes kulturaleko ondasun izendatu zuten eremu arkeologikoaren kategorian, eta hura babesteko eta kontserbatzeko zainketa-neurriak hartu ziren, arkeologia eta paleontologia aztarna berriak agertu ahala.

Jarduketa horien guztien egokitasuna 2020ko uztailean baieztatu zen, Satorrak espeleologia taldeak Alkerdi 2 haitzuloan apaindutako galeria berri bat aurkitu zuenean.

Jakintza-arlo anitzeko azterlanari esker, Alkerdi-Zelaieta-Ikaburuko sistema karstikoaren ikuspegi integrala osatzen ari da denborarekin. Batetik, interes geologikoko lekua delako eta, bertzetik, lehen mailako kultura-ondarea ere badelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun