Urdazubiko Alkerdi leizeko azken aurkikuntzen berri emanen dute Ondarearen Europako Jardunaldien barrenean

Ttipi-Ttapa 2021ko ira. 29a, 18:00

Alkerdiko leizean duela urte batzuk agertutako zaldiaren irudia.

Monasteriora eta errotara bisitak, solasaldiak eta bertze hainbertze ekitaldi ere izanen dira asteburuan

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Bianako Printzea erakundeak bat egin du Europako Kontseiluak bultzatutako Europako Ondarearen jardunaldiekin. Honela, joan den asteburuan eta heldu den honetan Nafarroako 41 herritan ondarearekin lotutako hainbat jarduera eginen dituzte. Gure lurraldeari dagokionez, joan den asteburuan Lesakan eta Bertizen egindako bisita gidatuen ondotik, urriko lehen asteburuan Urdazubin izanen dute hitzordua. Bertzeak bertze, Alkerdi 2 leizeko azken aurkikuntzen berri emanen dute.


Egitaraua

Urriaren 1ean, ortziralearekin, monasteriora sartzea doan izanen da, 14:00etatik 18:00etara.

Urriaren 2an, Alkerdiko lezeak ikusteko aukera izanen da. Larunbatean, 11:00etan, udalak, Nafarroako Gobernuak eta Aranzadi elkartekoek Alkerdi 2 leizean eginiko aurkikuntza berrien aurkezpena eginen dute turismo bulegoan. Ondotik, Arturo Hermoso de Mendozak, Satorrak taldeko espeleologoak eta Diego Garate arkeologoak hitzaldiak emanen dituzte leku berean. 12:30ean, bisita gidatua abiatuko da plazatik Berroberria eta Alkerdi 1 leizeetarat. Horrez gain, Urdazubi eta Zugarramurdiko eskolako ikasleek ere Alkerdi eta Berroberriko leizeen bisita egiteko aukera izanen dute datorren astean arkeologoen laguntzarekin.

Urriaren 3an, igandearekin, errota bisitatzeko aukera izanen da 16:00etan. Edukiera mugatua denez, tokia hartzea gomendatu dute 948 59 90 70 telefonoan edo turismo@urdax.es helbidean urriaren 2 eta 3ko ekitaldietarako.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun