Koronabirusa

Bi metroko tartea ikasleen artean Ipar Euskal Herrian

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 4a, 19:00

Orain arte, ikastetxeetan metro bateko tartea utzi behar zuten ikasleek beraien artean. Hemendik aitzinera, bi metrokoa izan beharko du tarte horrek eta jangelan ere aplikatu beharko dituzte neurriak. 

Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak aldatu egin ditu ikastaldeak hesteko protokoloa. Orain arte, Haur Hezkuntzako taldeak bakartzeko, eskolako talde berean hiru Covid-19 kasu atzeman behar zituzten. Orain berriz, kasu bakarra atzemanez gero, talde guzia astebetez hesteko aginduko du Ikuskaritzak. Lehen eta bigarren mailetan irizpidea ez da aldatuko izan ere, hiru kasu atzematen badituzte taldea bakartuko dute. Hala ere, Covid-19aren bertze aldaeraren bat agertuz gero, astebetez gela bereko ikasle guziak bakartuko dituzte.

Honetaz gain, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izanen da eta gelak maizago aireztatu beharko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun