Koronabirusa

Segurtasun neurrekin ortzegunero merkatua Saran

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 2a, 08:00

Segurtasun neurriak hartuta, ekoizleen merkatuak aitzinera segitzen du Saran. Osasun egoeraren karietara, apirilean hastekoa zena maiatzera gibelatu behar izan zuten, baina departamentuko prefetak argi berdea eman eta Herriko Etxearen baimena jaso orduko, ohiko martxara bueltatu ziren Sarako Merkatua osatzen duten elkarteko kideak. 

Maiatzaz geroztik, ortzegun guziz 09:00etatik 13:00etara biltzen dira Sarako plazan. Joana Urbistondo Sarako Merkatua elkarteko kideren hitzetan, «hamar bat ekoizle biltzen gara, baita eramateko janaria prestatzen duena, talogilea eta bertako sei eskulangile ere». Egoerak hala behartuta, «postuen eta bezeroen artean segurtasun tartea errespetatzen» dutela ere azaldu digu eta «merkatuak sarrera eta irteera ditu eta hortaz, ezin da gibelerat egin».   

Aitortu digu, «itxialdi garaian, barazkigileei eskaera handitu zaiela eta orokorrean denak etxetik saltzeko edo banaketak antolatzeko moldatu» direla. Baina aldi berean, «ostatuak, jatetxeak eta eskoletako jangelak itxiak zirenez, salmenta guttitu» dela ere onartu du. Halere, kontent dago «herritar eta turistak pixkanaka merkatura etortzen hasi direlako».  Bide batez, «herriko plazarat etortzeko» deia ere luzatu du, «denei irekia da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun