Ione ZOZAIA

«Gure diskoaren grabazioa iritsiko den momenturako gordeko dugu irabazitako altxorra»

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 12a, 07:00
Ione Zozaia, Zugarramurdiko musikaria, Kilimak taldeko kidea da.

Ione ZOZAIA IRATZOKI Zugarramurdiko musikaria

Ttikitatik «musikaz inguratua» bizi izan den arren, «duela lau urte» eman zuen etxetik plazarako pausoa Ione Zozaiak (Zugarramurdi, 1994): «lagun minak nire ahotsa eta haren gitarra batzera animatu ninduen». Halaxe, «plazer hutsez», hasi zuen bidea eta, gozamena gidari, oholtza gainera egin zuen salto: «duo gisa hasi ginen, ahotsa eta gitarra uztartuz». Ondotik, perkusioa, baxua eta tronpeta gehituz» Kilimak taldea sortu zuten duela bi urte.

Plazaz plaza hasi zenari segida eman diote. Ilusioz ereindakoa lau haizetara zabaltzeko eta «euskal runba ezagutzera emateko», Gaztea maketa lehiaketan parte hartu dute berriki. Ez da nolanahikoa izan duten arrakasta, Kilimak sortu eta kilimak eragin dituzte eta, entzuleen saria irabazita, finalerako txartela lortu dute.  

Noiz eta nola sortu zenuten Kilimak taldea?

Udan bi urte beteko dituen taldea Hernanin sortutakoa da. Hasiera batean duo bat ginela erran daiteke, gero aldiz Donostiako perkusionista Larra, ondotik Antxon baxu-jotzailea eta azkenik Oskitz tronpeta taldean sartu ziren. Hala, kalean elkar topatu eta elkar ezagutu genuen eta elkarrekin musika esperimentatzeko nahiak batu gintuen. Laister ohartu ginen gure arteko konexio eta potentzialaz. Disfrutatzeko jotzetik hartara dedikatzeko lanorduak sartzen hasi ginen, 2018ko Hernaniko sanjuanetan, izugarrizko arrakastan izan zuen lehenengo kontzertua eman genuen arte.

«Zenbait kultura uztartzen dituen musika sortzen dugu»

Zer musika estilo lantzen duzue?

Erran daiteke estilo berri bat sortu dugula, guk Euskal runba deitzen duguna. Runbaz gainera, Swing, Ska… estiloak ere sumatzen dira gure kantetan. Zenbait kultura uztartzen dituen musika sortzen dugu.

Gaztea maketa lehiaketan parte hartu duzue… nolatan animatu zineten parte hartzera?

Lagun eta lehengusina batek animatu gintuen parte hartzera. Gure estiloak Euskal Herriko lehiaketan agertu behar zuela konbentzituta zegoen eta haren indarrak hari buruzko informazioa bilatzera eraman gintuen. Gure lehenengo diskoa ateratzeko laguntza behar genuenez eta Euskal Herri guztian gure musika aditzera eman nahi genuenez, aukera bikaina iruditu zitzaigun.

«Bagenuen gure lagun, familia eta jarraitzaileekiko esperantza, baina ez genuen uste hainbertzerako izanen zenik»

‘Kontakatilu’ kanta… nondik sortu zen?

Gure kanta zaharrenetako bat dela erran daiteke, bidaia luze batetik bueltan, autoan sortutakoa. Haren erritmo kutsakor eta airosoak bidaia arinagoa egiteaz gainera, izugarri motibatu eta maketa lehiaketako finalera eraman gaitu.

Zergatik aukeratu zenuten kanta hori lehiaketarako?

Gure kantuen artean boom edo hit gisa ezagutua da. Kontzertuetan gehien eskatzen duten kanta da eta Youtubera igo eta segituan bistaratze pila bat izan zituen. Handik gutira herriko festetan eta ostatuetan entzuten hasi zen.

Parte hartu eta entzulearen saria irabazi… erantzun hori espero zenuten?

Bagenuen bai gure lagun, familia eta jarraitzaileekiko esperantza. Baina ez genuen uste hainbertzerako izanen zenik. Zoragarria izan da egunetik egunera entzuleei esker gure bihotza geroz eta dantzariago sumatzea. Diruak beti du motibatzen, baina ingurukoen sustengu eta laguntzak ez du preziorik.

«Maketa grabatzen hasi bagina ez genuke maketa lehiaketan hainbertze indar zentratuko»

2.500 euro irabazi dituzue… Zertara bideratuko duzue diru hori?

Apirilean maketa bat grabatzen hastekoak ginen Covid-19ak gure proiektua bertan behera uztea eragin zuen arte. Gauzak beti zerbaitengatik pasatzen direla argi dago: grabatzen hasi bagina ez genuke maketa lehiaketan hainbertze indar zentratuko eta, ondorioz, ez genuke lehenengo saria eta diru kopuru hori lortuko. Beraz, gure diskoaren grabazioa iritsiko den momenturako gordeko dugu irabazitako altxorra.

Finalerako txartela ere baduzue… Nola ikusten duzue zeuen burua finalean?

Ikusten gara. Bertze musikarien artean nola ez. Gure saltsa, gure irribarreak eta gure musikarekin entzule zein ikusleei momentu on eta runbero bat pasarazten ikusten gara, jendea mugitzeko gogoz uzten eta, irabazi edo galdu, hartatik kontent aterako gara. Esperientzia hau ospatzeko besta polita eginen dugu.

Nola ari zarete hori prestatzen?

Hasieran, egoera berezi honek ez zigun gure entsegu lokalean elkartzea uzten, eta bakoitzak bere etxetik prestatzen eta berotzen aritu ginen. Baimena eman ziguten momentutik, Hernanin, entsegu lekuan, bildu gara.

Prestaketa horretan ez ezik, kontzertuetan ere sumatu izanen duzue birusaren eragina… Zenbat kontzertu zenituzten udarako?

Bai noski. Azken bi hilabeteetan sei kontzertu galdu ditugu haien artean Herri Urratsekoa… Udarako 12 kontzertu hitzartuak genituen, orain, ordea, ez dugu haien berririk eta ez dugu ilusio faltsurik egin nahi.

Zer ondorio izan du taldean kontzertu guztiak bertan behera uzteak?

Tamalez, berriz ere, gizarte egoera zailetan, artistak kaltetuenetakoak izan direla konturatu gara. Batzuei ekonomikoki nabarmen eragin die kontzertuak galdu izatea, bertzeei gehiago animikoki.

«Batzuei ekonomikoki nabarmen eragin die bertzeei gehiago animikoki»

Astero musikak elkartzetik, gure lana egiten jarraitu ahal ez izatera pasatzeak frustrazio puntu bat ekarri digu. Baina, gehien eragin diguna Euskal Herriko plazetan elkarrekin jo ahal ez izatea eta bertako jendeari gure musika aditzera eman ahal ez izatea izan da.

Disko bat ateratzeko asmoa duzue … Noizko aurreikusi duzue?

Horren berri ezin dugu oraindik eman! Sorpresaren bat gorde behar dugu eta! Seguruenik hurrengo albistea maketa lehiaketaren finalerako data eta lekua izanen dira. Ordura arte lanean segituko dugu!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun