Koronabirusa

Ostatuek, antzokiek eta kiroldegiek ateak zabalduko dituzte bihartik aitzinera Ipar Euskal Herrian

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 1a, 18:00

Edouard Philippe lehen ministroa eta osasun ministroa, agerraldian.

Kolore berdea mantentzen duten Frantziako Estatuko lurraldeetan —bi departamendutan izan ezik, gainerako guztietan—, konfinamendua arintzearen bigarren fasea abiatuko dute ekainaren 2an. «Bigarren fase honetan, askatasuna arau bihurtuko da eta debekua salbuespen izanen da», iragarri du Edouard Philippe lehen ministroak.

Nola irekiko dituzte tabernak?

Ipar Euskal Herrian, 100 kilometrora arte mugitu ahal izateko muga bertan behera geratuko da, eta kafetegi eta jatetxeek ateak zabaldu ahal izanen dituzte, “protokolo zorrotza jarraituz, beti ere”. Elkarrekin bazkaltzea edo afaltzea aukeratu duten guztiek mahai berean eseri ahal izanen dute, baina ostatuetako talde ezberdinen artean metro bateko distantzia egon beharko da eta barrenean kontsumitzea debekatuta egonen da.

Frantsesezko ahozko azterketa bertan behera

Eskola nahiz lizeo, ikastetxe guztiak irekiko direla adierazi du lehen ministroak, eta orain arte frantsesezko ahozko azterketa mantentzen zen arren, hori ere bertan behera geratzen dela gaineratu du.

Kultura, kirola eta aisia

Kontzertu areto, kiroldegi, aisialdi parke, antzoki eta igerilekuek ere ekainaren 2tik aitzinera ireki ahal izanen dituzte ateak. Zinema-aretoek ekainaren 22ra arte itxaron beharko dute. Espazio publikoan kultur eta kirol ekitaldiak eten egin dira ekainaren 21era arte gutienez.

Horrez gain, konfinamendu arintzearen hirugarren fasea ekainaren 22rako iragarri dute eta StopCovid aplikazioaren berri ere eman dute. Kutsatuen eta kontaktuen jarraipena egiteko aplikazioa da. Europar Batasunak ohartarazi du aplikazio hauek talka egiten dutela pribatutasun eskubidearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun