Koronabirusa

Ortzegunean eta ortziralean hasiko dira Saran herritarrei maskarak banatzen

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 13a, 09:30

Euskal Hirigune Elkargoak oihalezko bina maskara banatuko dizkie Ipar Euskal Herriko herritar guztiei eta Sarako kasuan, ortziralean eta ortzegunean, goizez eta arratsaldez, Lur Berri gelan hasiko dira banatzen. Horrekin batera, Elkargoak maskarak erabiltzeko eta mantentzeko hainbat gomendio eman ditu.

Aste honetatik aitzinera maskarak erabiltzea derrigorrezkoa da Ipar Euskal Herrian eta horri erantzunez, Euskal Hirigune Elkargoak oihalezko 650.000 maskara banatuko ditu urririk Ipar Euskal Herriko herritarren artean. Ez ditu denak orain banatuko; orain batzuk eta ondoko asteetan bertzeak.

Sarako Herriko Etxetik jakinarazi dutenez, ortzegunean eta ortziralean, maiatzak 14 eta 15, hasiko dira lehen maskara banaketa egiten. Bi egunetan, 09:00etatik 12:30era eta 14:00etatik 18:00etara Lur Berri gelan banatuko dituzte. 11 urtetik goitiko saratarrendako maskarak izanen dira eta jasotzeko nortasun agiria, bizilekuaren frogagiria eta haurren kasuan familiako liburuxka aurkeztu beharko dira. Horrez gain, jende pilaketa saihesteko etxe bakoitzetik maskara bila lagun bakarra joateko eskatu dute.

Zenbait gomendio
Hirigune Elkargoak oharra kaleratu du herritarrei maskaren erabilpenaren inguruan hainbat gomendio emateko. Horren arabera, maskara hauen erabilera lau orenekoa da eta erabili aitzinetik eta ondotik eskuak garbitzeko eskatu du. Maskara sudurra eta kokotza ahal bezain ongi estaltzeko gisan paratzearen garrantziaz ere ohartarazi du eta horretarako, gomak egokitzeko eskatu du. Kentzeko eta paratzeko ere gomatik egiteko aholkatu du.

Bertzetik, berrerabilgarriak dira. Lehen aldikoz erabili aitzinetik garbitu behar direla dio Elkargoak oharrean eta horrekin batera, aldi guziz, erabili ondoan garbitzeko eta zaku berrerabilgarri batean bereizteko aholkatu du. Garbitzeko, berriz, 30 minutuz 60 gradutara bederen egiteko eskatu du eta ongi idortuta berrerabiltzea hobe dela ere erran du, «oihal- edo ile-lehorgailua erabiliz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun