Koronabirusa

Sarako Biltzarra irailaren 6an eta 7an iraganen da

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 14a, 07:35

Sarako Biltzarrean iaz hartutako irudia.

Koronabirusa tarteko, apirilaren 13an eta 14an egitekoa zen Sarako Biltzarraren 37. edizioa irailera gibelatu dute eta ahal duten neurrian hastapeneko egitarauari eutsiko diotela adierazi dute antolatzaileek.

Azken urteotako bideari jarraiki, aurten ere bi egunetako hitzordua antolatua zuten Saran. Alde batetik, apirilaren 13an betiko Biltzarra egitekoa zuten, eta biharamunean, profesionalen eguna, Emakumearen lekua euskal literaturan gaia oinarritzat hartuta. Covid-19ak, ordea, dena aldatu du, baina ez du  bertan behera utzi. Literaturaren hitzordua antolatzeaz arduratzen den Sarako Biltzarra elkarteak irailaren 6an eta 7an egitea erabaki du 37. edizioa.

110 idazlek parte hartzekoa zuten aurtengo biltzarrean eta ohi bezala, hainbat aurkezpen aurreikusiak zituzten. Biltzarreko sariak, berriz, Marie-Jose Basurko eta Koldo Ameztoiri ematekoak zizkieten. Profesionalen egunean, bertzalde, mintzaldiez gain, Euskal idazle eta emazte Ipar Euskal Herrian, zein bizipen? gaiaren inguruan mahai-ingurua egitekoa zuten Maialen Hegi-Luku, Marikita Tambourin, Maddi Ane Txoperena eta Maddi Zubeldiarekin.

Antolatzaileek xehetasun gehiago aitzinerago emanen dituztela jakinarazi dute baina apirileko egitarauari ahal den neurrian eusten saiatuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun