Oraingoan, mugaren bi aldeetan Covid-19a dela eta, konfinamendua, kaleak inoiz baino bakartiago, bidegurutzetan edozein poliziren kontrolak eta errepideak sekula baino lasaiago. Hala ere, batzuk lanera joan beharra dugu. Xuxen betetako laneko agiria eta baita Frantziako autoritateek ezarritakoak ere. Egoera baketsu idilikoa irudi luke. Ba, ez dute aski.
Frantziako autoritateek (beraiek erabaki baitute), sekula izandako kriminal edo mehatxurik handiena kontsideratu omen gaituzte lanera joateko muga zeharkatu behar dugun langileak. Eta izandako mehatxu guztiei aplikatu ez dietena, guri aplikatu digute. Lanera joateko behar ditugun muga pausuak itxi eta hor konpon !
Ez dute itxi Senperetik Baionara doan errepidea edo Hazparnetik Kanbora doana. Hor ez dute arriskurik ikusi. Hori bai, Saratik, Senperetik, Urdazubi edo Zugarramurditik, Bera edo Lesakara edo alderantziz lanera joateko beharra baldin baduzu egunero, hori beste zerbait da ! Lizuniagako pausua itxi eta munduari itzulia egiteko presta zaitez !
Gu ez gara turistak. Ez gaude oporretan !
Erabaki justifikaezina, totalitarioa eta aurrekari arriskutsua ezarri dute; auzapez, alkate eta lehendakari guztiek salatu beharko luketena.
Egoitz Blazquez-Errarte,
mugaz gaindiko langile bat