Koronabirusa

Bertan behera utzi dute momentuz Herri Urrats jaialdia

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 3a, 12:27

Herri Urrats udazkenean egitea aztertzen ari dira.

Ikastolen Elkarteak jakinarazi du udaberrian egitekoak zituzten ikastolen aldeko jaialdiak, Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz bertan behera utzi dituztela. Maiatzaren 10ean egitekoa zuten Herri Urrats jaialdia udazken hastapenera pasatzea pentsatzen ari dira, nahiz eta datarik ez duten finkatu oraindik. 

Sare sozialen bidez eman du berria Ikastolen Elkarteak eta Koldo Tellitu lehendakariak azaldu duenez, saminez hartu behar izan dute erabakia: «ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatz eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zen gu salbuespen izatea».

1984tik lehen aldia da Herri Urrats besta ezeztatzen dutela, nahiz eta momentuz ez duten debekurik jaso «denen osasuna bermatu» nahi dute. «Herri Urrats ezinbestekoa denez, Herri Urrats eginen da. Elkarteak pentsatu du ekitaldia irailera pusatzea. Momentuko data ez dugu finkatu, jakin bezain laster jakinaraziko dugu», agindu du. Izan ere, azpimarratu dute «Herri Urratsek proiektu berriak lagundu, baina bereziki «jadanik eginak ditugun zorrak estaltzen» laguntzen dietela.

Nagore Fernandez Herri Urratseko kideak prestaketa lanetan aritu diren guraso eta laguntzaileak eskertu nahi izan ditu: «Dena prest ginuen maiatzaren 10eko, baita gastu batzuk aintzinatuak ere bai. Hainbat gastu, hainbat bilkura ordu, hainbat guraso itzaleko lanetan eta orain dena zintzilik. Herri Urratsen izenean eskertu nahi ditugu lan eta lan ari izan diren eta ari diren gurasoak eta laguntzaileak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun