Urdazubiko inauteriak otsailaren 23tik 25era ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 19a, 09:30
Haur eta gaztetxoak herriko etxeetan barna ibiliko dira eskean.

Igandetik aitzinera, Urdazubiko etxe, baserri eta bentetan nabarituko dute inauteriak direla. Eskean ibiliko dira haurrak eta gazteak, umore ona zabalduz. Gainera, itzulia osatu ondotik indarrak berreskuratu edo eskean ibili ez dena besta giroan sarteko, gauero pintxoak eta musika izanen dituzte.

Otsailak 23, igandea
09:30etan gazteen gosaria izanen dute Gauiñara elkartean. Segidan mozorroak jantziko dituzte (mozorrotzeko gaia: P letraz hasten den edozein mozorro) eta Dantxarinetik barna, bentaz benta ibiliko dira eskean ilundu arte. 21:30ean pintxoak eta musika denendako Indianobaitan.

Otsailak 24, astelehena, eta otsailak 25, asteartea
09:30ean herriko haurrak elkartu eta etxez etxe eskean ibiliko dira eta bukatzean herrira jaitsiko dira. 10:00etan gazteak Indianobaitan elkartu eta  kafea ttanttarekin hartu ondotik, baserriz baserri ibiliko dira musikak alaiturik. 21:30ean pintxoak eta musika izanen dituzte denentzat. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun