«Badakit zer nolako bromak egiten ahal diren eta horiek saihesten saiatzen naiz»

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 19a, 10:30
Antonio Elorga, eskean ibiltzen zen garaian.

Antonio ELORGA GALAINENA
50 urteko urdazubiarra

Barne barnetik bizi zituen inauteriak kanpotik ikusteko tenorea ailegatu zaio Antoniori eta aitortu du, «inbidia handia» sentitzen duela. Horren erakusle da, inauterietatik erretiroa hartzeko urtea ohikoa baino gehiago gibelatu izana, «urte batzuz luzatu nuen bai, baina gehiago ere luzatu izanen nukeen! Inauterietan ibiltzeko gogoa ez baitzait inoiz falta izan!». Gazteek ere gustuko izanen zuten bere konpainia; gogoan du azkeneko urtean «despedida eta guzti» egin ziotela.

Azken aldiaz bezain ongi oroitzen da aurrenekoaz, «lehenengo urtea izanik ilusio ikaragarriarekin hartu nituen inauteriak. Nahiz eta pixka bat urduri egon, arras ongi pasatu genuen». Irriz azaldu digu maisu onak izan zituela: «gu baino zaharragoak zirenei ikusiz ikasi genituen bromak eta ohiturak. Gero, guk praktikan jartzen genituen».

Zirikatzailea
Berezkoa du zirikatzeko grina Antoniok eta inauterietan aski ezagunak ziren bere bromak: «belar bola bota, bide bazterretako harriak eta adarrak hartu eta bide erdian jarri, etxeetako uraren mangera hartu eta jendea busti... seguru badirela bertze zenbait jada ahantzi ditudanak». Orain bera da gazteen bromen hartzaile, baina ez dute ustekabean harrapatzen: «saiatu izan dira behin baino gehiagotan, baina lehenagotik etxea ongi prestatzen dut inork ezer ez egiteko». Badaki zer nolako bromak egin ahal izaten diren «eta hortaz, horiek saihesten saiatzen naiz». Erronka bikoitza, beraz, ziria sartu nahi diotenentzat.

«Gu baino zaharragoak zirenei ikusiz ikasi genituen bromak eta ohiturak. Gero, guk praktikan jartzen genituen» 

Inauteriak orain
Orain, «bertzeak ikusiz disfrutatzen» duela dio. Eta ikusi bakarrik ez, inauteriak ez baitira gazteen eskera mugatzen: «herri guziarentzat antolatzen dira gauzak, janari eta musika giroan ongi pasatzeko aukera izaten dugu herritar guztiok». Igandean familiako bazkari batekin hasten ditu inauteriak, «bazkal ondoan herriko ostatura hurbiltzen gara inauterietan ibilki direnak zer nolako sasoi eta egoeratan ailegatzen diren ikusteko». Astelehenarekin gazteak hartzen ditu etxean «eta haien besta giroan» ibiltzen da, «batekin eta bertzearekin solasean». Gauean, berriz «herriko ostatura joaten naiz familiarekin pintxoak jatera eta trago batzuk hartzera». Azken egunean, asteartean, «pintxoak jatera eta musika aditzera joaten naiz, inauteriak hurrengo urterarte agurtuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun