Hirugarren indarra izatetik lehenbizikoa izatera pasatu da EH Bildu Xaretan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 11a, 11:39

Azaroko eta apirileko hauteskundeetan Xaretan izandako emaitzen konparaketa.

Apirileko hauteskundeetan Geroa Bai nagusitu zen Urdazubin eta Zugarramurdin baina hauteskunde hauetan laugarren indarra izatera pasatu da. EH Bilduk egin du goiti nabarmen eta 94 botorekin alderdirik bozkatuena izan da. Navarra Sumak bigarren indarra izaten segitu du, nahiz eta botoak galdu dituen eta apirilean laugarren bozkatuena izan zen PSOE hirugarren gelditu da aldi honetan.

Apirileko emaitzekin alderatuz, Urdazubi eta Zugarramurdiko panorama erabat aldatu da hauteskunde hauetan. EH Bildu 72 boto jasotzetik 94 biltzera igaro da (22 gehiago) eta bi herrietan bozkatuena izan da. Navarra Sumak, berriz, 58 boto lortu ditu, apirilean baino 16 guttiago eta hirugarren indarra izan den PSOEk bi boto gehiago jaso ditu, 43 guztira.

Aldaketa adierazgarriena izan duena Geroa Bai izan da; apirilean 77 boto lortu zituen alderdiak 38 bildu ditu orain, 39 guttiago. Neurri apalagoan bosgarren indarra izan den Unidas Podemosek ere beheiti egin du; 26 boto bildu ditu (apirilean baino hiru guttiago). Duela zazpi hilabeteko hauteskundeekin alderatuz, emaitzak mantendu dituena Vox alderdia izan da (12 boto lortu ditu). Pacma alderdi animalistak hiru boto jaso ditu, aitzineko aldian baino bat gehiago eta apirilean boto bakarra jaso zuen Recortes Cero-Grupo Verde taldeak ez du botorik hartu azken hauteskundeetan.

Gainerakoan, parte-hartzeak bertze herrietan bezala beheiti egin du. Botoa ematera deituak zeuden 461 lagunetatik %62k eman dute botoa; apirilean, berriz, parte-hartzea zortzi puntu altuagoa izan zen.

Emaitzak herriz herri

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun