«Haurrek edozein gauza jostailu bilakatzeko gaitasuna dute»

Gurutze Pikabea 2019ko eka. 29a, 10:00
Eneko Jorajuria irakasle berezitua da eta zailtasunak dituzten haurrekin aritzen da Urruñan eta Ziburun.

Eneko JORAJURIA, 'Hamar egunez pantailak utzi' egitasmoaren koordinatzailea

Pantailek haurren egunerokoan duen eraginaz hausnartzeko helburuarekin, aurten hirugarren aldiz, hamar egunez aisialdiko denboran pantailak uzteko erronka bultzatu du senpertarrak

Ez tabletarik, ez bideo-jokorik, ez telebistarik, ez sakelako telefonorik... Hamar egunez aisialdiko pantaila horiek guztiak itzalita edukitzea. Horixe da, hain zuzen, Hamar egunez pantailak utzi egitasmoaren muina. Eta pantailek gure bizitzan gero eta leku gehiago hartzen dutela ikusita, horrek egunerokoan duen eraginaz hausnartzea du helburu. Ez da atzoko kontua; egoerarekin kezkatuta, 2003an Quebeceko (Kanada) Jacques Brodeur kirol irakasleak abiatu zuen egitasmoa eta duela bi urte ailegatu zen Euskal Herrira. Erronkari heltzen lehenbizikoak Urruñako San Frantses Xabier ikastetxekoak izan ziren. Horko irakaslea da Eneko Jorajuria (Senpere, 1977), hastapenetik proiektuaren bultzatzaileetako bat. Berak azaldu dizkigu erronkaren nondik norakoak. 2017an egin zuten lehenbiziko aldiz eta jasotako erantzunarekin «kontent», ez dute hutsik egin geroztik.

Nolatan abiatu zenuten proiektua?

Baionan ari den lankide batek aipatu zigun. Duela urte batzuk Les Mans hiriko eskola batean zuzendari zelarik landu zuten eta horren berri eman zigularik, interesgarria iruditu zitzaigun pantailekin haurrek duten harremanaz hausnarketa egitea. Pantailaren aitzinean pasatzen dugun denborak eragin handia du eguneroko bizitzan: haurren arteko harremanetan, haur eta burasoen arteko harremanetan, ikasteko gaitasunean, kontsumoan... Eta 2017an proposatzea erabaki genuen. Euskal Herrian lehenak izan ginen eta hedabideetan arrakasta handia izan zuen. Burasoek eta inguruko jendeak ere harrera ona egin zioten desafioari eta proiektua zabaltzea pentsatu genuen. Ondoko urtean nahi zuten ikastetxe guztiei gurekin batera hamar egun berdinetan pantailak uzteko desafioa proposatu genien eta orotara 34 hezkuntza egiturak parte hartu genuen: haurtzaindegiak, kolegioak, eskolak, lizeo bat...

Nola joan zen lehenbiziko edizioa?

Lehen urtean balorazio zehatzik ez genuen egin, baina burasoek guk pentsatu baino hobe hartu zutela ohartu ginen. Hastapenean, buraso batzuek ez zuten ulertzen zergatik egin behar genuen erronka, baina proiektua aitzineratzen joan zelarik jarrera aldatu zuten. Batzuek, pentsatu gabe, etxean beti telebista piztuta edukitzeko ohitura zutela erran ziguten eta desafioa hurbiltzerakoan, kontrolatzen hasiko zirela adierazi zuten. Hortaz, buraso batzuk kontzientzia hartzeko balio izan zuen eta ainitz izan ziren sustengua erakutsi zigutenak. Bereziki ama ainitzek erran ziguten desafio hori egiteagatik poztu zirela. Aitzakia ona izan zen gaia etxean aipatzeko eta muga batzuk ezartzeko. Amek aitek baino kezka handiagoa zutela iruditu zitzaidan.

Eta haurrek nola erantzun zuten?

Desafioa maiatzean egin izan dugu eta lehen urtean haurrei urtarrilean aurkeztu genien. Sorpresa izan zen eta lehen erantzuna sobera zaila edo ezinezkoa izanen zela izan zen. Jakin behar da ez dela inor behartua, nahi duenak parte hartzen duela. Beraz, hastapenean, gehiengoak ezetz erran bazuen ere, pantailen ordez elkarrekin jarduerak antolatuko genituela eta jarduerak beraien ideietatik abiatuko genituena errandakoan, parte hartzeko gogoa etorri zitzaien. Ikasgeletan ideiak biltzeko kutxak ezarri genituen eta ideia ainitz atera ziren. Gisa honetara esperientzia berriak izan ziren batzuentzat eta horrek jendea motibatu zuen. Burasoek ere beraien ideiak eman zituzten eta proiektu parte-hartzailea izan zen.

Burasoen inplikazioa beharrezkoa izanen da, ezta?

Burasoen parte-hartzea beharrezkoa izaten da, baina proiektuak berak burasoak erakartzen ditu. Gauza ainitz egiten dira pantailen inguruan, mintzaldiak nola mugatu jakiteko, zeri kasu eman behar den, baina mintzaldiek jadanik sentsibilizatua den jendea baino ez dute biltzen. Aldiz, desafioan jende ainitzek parte hartzen du. Kasik %85ak parte hartzen du; zenbaki ederra da, kasik familia guztiak hunkituak dira.

Nolako jarduerak proposatu izan dituzue hamar egun horietan?

Lehenik ideiak bildu eta sintetizatu egiten ditugu. Elkarteetara ere gutunak igortzen ditugu zerbait proposatu nahi badute horiek ere jasotzeko. Boluntario talde batek egitarau bat proposatzen dugu eta bakoitzak nahi duen jardueran izena ematen du. Eskolan bertze egunetan bezala lan egiten dugu, eta 16:30etik goiti jarduerak izaten dira, asteazken arratsaldetan eta larunbat eta igandetan ere bai. Denetariko jarduerak egin ditugu eta erantzun ona izan dute: futbol txapelketa, ibilaldi bat, judo ikastaroa, oihal etxoletan gaualdia, zoora ateraldia, surf ikastaroa, liburu irakurketa, lehen sorospen ikastaroa, dantza saioa, elbarritasunaren inguruan sentsibilizatzeko saioak... Jarduerak gure eskolako haurrentzako antolatu izan ditugu, baina toki batzuetan, Pauen adibidez, Herriko Etxeak ere parte hartzen du jarduerak proposatuz.

Zein ondorio ditu pantailak haurrengan?

Hori adituek erraten dute. Lehenik, elkarbizitzan sumatzen da eragina eta bortizkeria fisikoa eta ahozkoa dira ondorioetako bat. Iparraldean Les Ch'tis edo Les Marseillais  bezalako telebistako emankizunak ikusten dituzte eta hor irainak izaten dira. Marrazki bizidunetan ere bortizkeria ainitz bada, uste dut helduek ikusten ditugun telebistako saioetan baino bortizkeria ekintza gehiago izaten direla marrazki bizidunetan. Haurrek telebista gehiago ikusteko  marketinak erabiltzen duen osagai bat da eta horrek elkarbizitzan eragina du. Baita osasunean ere. Kardiologoek erraten dutenez, haurrak ez dira aski mugitzen. Frantziako Kardiologoen Federazioak dio oraingo gazteen gaitasunak %25ean apaldu direla 40 urtez. Lehen 15 urteko gazteek 600 metroko lasterraldi bat egiteko hiru minutu behar zituzten eta orain lau behar dituzte. Ez hori bakarrik. Pantailek loan ere eragina dute. Pantailen ondorioz, berantago oheratzen gara eta loa gibelatzen digu. Oftalmologoek, berriz, oraingo gazteek miopia ainitzez gehiago dutela erraten dute. Ez da beharbada zuzenki pantailen eraginez izanen, kanpoko argia ez dutelako aski errezibizitzen baizik. Haur ttikien garapenean ere badute eragina; pantailei zenbat eta gehiago begiratu orduan eta gutiago garatuko da haurraren hizkuntza. Uste dut jadanik egunean ordu bat aski dela hizkuntzaren aldetik apaltze bat sumatzeko. Bertzeekiko harremanak ere gutiago garatzen dira.

«Aspertzeak gaitasun berriak bilatzeko aukera emendatzen du»

Eskolan ere nabarituak zenituzten pantailen ondorioak?

Zaila da neurtzea, baina irainak, gaiztakeriak, lagun bat bertzeen aitzinean umiliatzeak... horiek pantailetatik datozela iruditzen zait. Horrez gain, marrazkietan edo asmatzen dituzten istorioetan marketinaren eragina ainitz nabaritzen da. Produktuen markak ainitz agertzen dira haurren testuetan eta istorio edo marrazki bat asmatu behar dutelarik pantailetan agertzen diren pertsonaia ezagunak agertzen dira. Haurren irudimena ez da ageri. Eta irakurtzeko gogoa ere ttikitzen dute pantailek. Iduri du marketinak beraien burmuina zinez hartua duela.

Teknologien aroan jaioak dira gaurko haurrak. Zer egin daiteke teknologia berriak haurrak kontrola ez ditzaten?

Gaia eztabaidatzen segitu behar dugu, haurrekin eta burasoekin jorratzen. Haurrei marketinak nola funtzionatzen duen erakutsi behar zaie, baita pantailek nola funtzionatzen duten eta pantailak baino indartsuagoak nola izaten ahal diren ere.

Joko librea eta aspertzearen garrantzia ere aipatu izan dituzu...

Bai. Jostatuz garatzen dira haurrak. Haurrek, jostailurik ez izanda ere, edozein gauza jostailu bilakatzeko gaitasuna dute. Harri, makil edo estalki batekin gauzak asmatuko dituzte. Aspertzeak hori ekartzen du. Gero eta gutiago uzten diegu haurrei aspertzen, erraza baita pantaila bat piztea edo jostailu bat erostea. Aspertzeak, ordea, haurraren baitan gaitasun berriak aurkitzeko aukera emendatzen du. Gisa honetara, bere irudimena eta sorkuntza garatuko ditu, baita logika ere. Bere ekintzek eragin bat dutela ohartuko da eta horrela garatuko ditu kausalitatea eta logika.

Hamar egun horien ondotik zer gertatzen da?

Aurten 15 egun berantago galdeketa egin dugularik, erabileran ttikitze bat izan dela erran digute. Hamar egunetan bederen kontzientzia hartu izana espero dugu eta erronka eginen ez bagenu baino gutiago erabiliko dituztela pantailak. Marketinarekin eta saldu nahi dizkiguten tresna berri guztiekin gero eta zailagoa da horri aitzin egitea, baina erronkarekin segitzeak zinez merezi duela uste dut.

«Erronkarekin segitzeak zinez merezi duela uste dut»

 

Elkarrekin ahal bezainbat puntu

Erronkarekin, hamar egunez haurrei aisialdiko denboran pantailak baztertzea proposatzen diete eta aldi berean, hamar egun horietan eskola orduetatik kanpo, asteazken arratsaldetan eta asteburuetan jarduerak antolatzen dituzte. Baina hortik aparte, pantailak baztertzen dituzten aldi bakoitzeko haurrek puntuak irabazten dituzte; egunean gehienez sei: eskolara joan aitzinetik pantailarik erabili ez badute puntu bat, eta bazkaltzerakoan, eskolatik atera eta krakada egiterakoan, afaltzerakoan, afalondoan eta gauez gauza bera. Hala ere, Jorajuriak nabarmendu duenez, puntuen helburua «ez da ikasleen arteko lehia sortzea». Helburua «kolektiboa» da, «elkarrekin ahal bezainbat puntu irabaztea». Aurten 10.000 puntu baino gehiago lortu dituzte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun