Eskolarteko bertsolari txapelketaren finala ekainaren 8an eginen dute Saran

Gurutze Pikabea 2019ko eka. 5a, 11:00
Nafarroako Eskolarteko txapelketan parte hartu zuten bertsolariak.

15 eta 18 urte bitarteko Euskal Herriko hamahiru bertsolari elkartuko dira Saran eginen den Euskal Herriko Eskolartekoaren bat-bateko finalean. Horien artean izanen dira Xabat Illarregi leitzarra eta Ekhiñe Zapiain beratarra.

Bertsozale eta bertsolari dira, errima, doinu eta neurri artean ibiltzea maite duten gazteak, eta zaletasun horren bueltan egiten dute asteroko hitzordua bertso-eskoletan. Eskualdean 15 eta 18 urte bitarteko 12 lagun dira bertso-eskoletan dabiltzanak: Bortzirietan zortzi gazte elkartzen dira, bortz lesakar eta igantziar, etxalartar eta beratar bana; Donezteben hiru dira eta Leitzan bakarra.

Ez dira, ordea, bertso-eskolako saioetara mugatzen. Oholtza gainerako saltoa ere emana dute batzuk, plazetan edo txapelketetan parte hartuz. Eta bide horretan ezinbertzeko tresnak dira eskolartekoak, Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean 15 eta 18 urte bitarteko gazteentzat prestatzen dituzten bat-bateko txapelketak. Aurten ere hutsik egin gabe antolatu dituzte, herrialdez herrialde lehenbizi, eta finala gero. Hain zuzen, ekainaren 8an borobilduko dute aurten 31. edizioa beteko duen txapelketa, aitzineko bi edizioetan bezala Saran eginen den Euskal Herriko Eskolartekoaren bat-bateko finalarekin.

«Bertsolaritzaren bidea urratu nahi duten gaztetxoei horretarako oholtza jartzeko» helburuarekin, 1989an egin zuten lehenbiziko aldiz Euskal Herriko Eskolartekoa, eta hiru urte lehenagotik Nafarroakoa. Halaxe adierazi dute Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik.  30 urte pasatu dira geroztik, eta eskolartekoek izan duten «bide emankorra» nabarmendu dute. Izan ere, urtetik urtera indartzen joan dira. Gaur egun onenen artean dauden bertsolari aunitz dira eskolartekoetan ibilitakoak; tartean, Euskal Herriko txapela irabazi duen nafar bakarra: Xabier Silveira lesakarra. Ez hori bakarrik; lehenbiziko edizio hartan gipuzkoarrak eta bizkaitarrak baziren ere, gaur egun Euskal Herri osoko gazteek bat egiten duten txapelketa da.

 

Herrialdez herrialde

Aurtengo edizioari dagokionez, Gipuzkoako eta Nafarroako eskolartekoak apirilean bukatu zituzten. Nafarroakoa, erraterako, Arantzan egin zuten apirilaren 5ean eta 15 bertsolariren artean hantxe aritu ziren Ane Telletxea (Lesaka), Ekhiñe Zapiain (Bera), Etxahun Azkarraga (Etxalar), Iratxe Muxika (Lesaka), Uxue Mesa (Lesaka) eta Xabat Illarregi (Leitza). Saio eder baten ondotik, Illarregik jantzi zuen txapela eta Zapiain bigarren sailkatu zen. Bi horiek izanen dira finalean Nafarroa ordezkatuko dutenak.  Beraiekin batera, bertze hamaika bertsolari elkartuko dira Saran: Lapurditik Naia Etxeberri eta Irati Alcantarilla; Gipuzkoatik, Aitor Tatiegi Gipuzkoako txapelduna eta Aner Peritz txapeldunordea; Aroa Arrizubieta Arabako txapelduna eta Aitor Ugarte txapeldunordea; Maite Sarasola Bizkaiko txapelduna eta Bittor Altube txapeldunordea; Nafarroa Beheretik, Ekhi Perrier eta Unai Harluxet eta Zuberoatik Leire Casamajou.

Julene Etxeberri saratarrak jarriko ditu gaiak eta Joana Itzainak eginen ditu harrera eta amaierako aurkezle lanak.Irabazleari Maddi Sarasuak jantziko dio txapela, Aitor Sarasuari esker onez eta Sarasua sendiaren izenean.

 

Lehia eta besta uztartuz

Sarako trinketean jokatuko da finala, 11:00etan hasita. Gainera, iaz Sarako haurrek egin zuten bezala, aurten Senpereko neska-mutikoak arduratuko dira saioa zabaltzeaz. Bi zati izanen ditu finalak: lehenbiziko zatian banaka zein binaka hiru ariketetan parte hartu beharko dute bertsolari guztiek; puntuazio altuena jasotzen duten sei bertsolariak pasako dira bigarren zatira.

Saioaren ondotik besta giroan segituko dute. 15:00etan Sarako Lur Berri gelan bazkalduko dute, Iparra-Hegoa ekimenak eskainita. Bazkarirako txartelak ekainaren 2ra arte egonen dira salgai (www.bertsosarrerak.eus). Bazkalondoa girotzeko musika izanen dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun