«Eskolartekoa plaza bat da gazteontzat»

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 1a, 13:00
Ekhiñe Zapiain txapeldun orde izan da Nafarroako txapelketan.

Ekhiñe Zapiain Arlegi, Berako bertsolaria 

«Ttikitatik» datorkio bertsotarako zaletasuna Ekhiñe Zapiaini (Bera, 2002). Ez du atzendua aski ttikia zela «attak bertsoak kantatzen» zizkiola eta gisa horretara, «bertso sortaren bat edo bertze ere ikasi» zituela. Bederatzi urterekin egin zuen hurrengo urratsa: «ikastolan ginela, bertsolaritza lantzeko bi saio egin genituen eta gehiagorako gogoz gelditu nintzen». Hala, Estitxu Arozenaren bitartez, Lesakan bere adinekoen bertso-eskola bazela jakin zuenean, «apuntatzea pentsatu nuen». 

Ez da damutu egindako hautuaz, «hasieratik bertso-eskolan hagitz gustura» dabilela baitio. Bistakoa da gustukoa duela; gaur egun, astean hiru saio egiten baititu: «Lesakan helduen bertso-eskolan ibiltzen naiz, Beran asteartetan bat-batean aritzeko hiru lagun elkartzen gara eta nire betiko bertso-eskolan ere segitzen dut». Aitortu digunez, «bertze deusek eman ez didana ematen dit bertsolaritzak».

 

Idatzitik plazara

Bertso-paper lehiaketetan eman zituen lehenbiziko pausoak, eta «inondik inora oholtza batera aterako nintzenik» pentsatuko ez bazuen ere, «gero eta gehiago gustatzen zaizkit plazak». Horretarako aukera ederra omen da eskolartekoa. «Bertsolari gazteoi plaza bat ematen digu. 18 urtez beheitikoentzat nahiko aukera gutti izaten dira bat-batean bertsotan aritzeko eta eskolartekoari esker urtero egin dezakegu». Eskolartekoak bezala, «txapelketak beharrezkoak» iruditzen zaizkio beratarrari, bertzeak bertze, «bertsolaritzako bertze alorrek ez bezala biltzen dutelako jendea». Are gehiago, «txapelketek plaza gehiagotarako atea» irekitzeko balio dutela dio. Horixe gertatu zaio berari: «Arantzan, Nafarroako Eskolartekoan kantatuta, saioren bat edo bertze eskaini dizkidate. Ikusten zaituztenean konturatzen dira hor zaudela eta gauzak egiteko gai zarela».

Bere kasuan, Euskal Herriko Eskolarteko finalean du hurrengo hitzordua, Nafarroakoan bigarren geldituta Sarako finalerako txartela eskuratu baitzuen. Arantzako saioan, «hasieran, gaizki» aritu zela dio, eta «ez nuen uste bigarren fasera pasako nintzenik. Kaskartu nintzen eta dena ilun ikusi nuen». Lehenbiziko faseko azken ariketan lasaitu omen zen, eta «edozein gauza pasatuta ere, ni gustura sentitzeko moduko saioa egin behar nuela pentsatu nuen». Kontuak kontu, «joan den urteko egun paregabea» gogoan, bigarren aldiz finalean izanen da beratarra. Ia ziurtzat jo du ez duela irabaziko baina «txapela Nafarroara etortzea» gustatuko litzaiokeela onartu digu. Bere kasuan, helburua «gozatzea» eta «ongi pasatzea» izanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun