«Lehen Mundu Gerlaz dauden hutsuneek bultzatu naute ikertzera»

Nerea Bazterrika 2018ko aza. 7a, 12:25

Ibai Telletxea senpertarrak I. Mundu Gerla ikertu du, garaiko dokumentuak aztertuz eta testigantzak bilduz.

Ibai Telletxea Morras Lapurdi 1609 elkarteko kidea

I. Mundu Gerlaren mendeurrenaren karietara, hazilaren 10erako Euskal Oroitzapena, itzaletik argira ikusgarria antolatu du Lapurdi 1609 elkarteak, bertze talde batzuekin elkarlanean.

«Historikoki dauden hutsuneak betetzeko» helburuz, «informazioa harrien azpitik ateratzen» ibili da Ibai Telletxea, Lapurdi 1609 elkarteko kidea. Orain, hazilaren 10ean, oroimen historikoa «itzaletik argira» aterako dute, Baionako antzokian.


Lapurdi 1609 elkarteko kidea zara...
Bortz bat urte daramatzat.Elkartea 2009an sortu zen. Sorrera hartan, 1609an izan ziren sorgin auziak zirela eta, Lapurdin eta Nafarroan egon ziren sarraskiak ikertzea zuen helburu. Horren karietara, liburuak eta antzezlan bat argitaratu zen eta oroitarri bat jarri zen Senperen. Geroztik,  hainbat liburu argitaratu ditugu, beti historiari lotuak. Aurten Saran oroitarri bat altxatuko dugu, onartua izan da baina inaugurazioaren zain gaude. Oroitarri hori Napoleondar Gerletan (1813-1814) inperioetako milaka soldaduak eta abereak Baztandik, Bidasotik, Lapurditik... pasa zirenean eta egonaldiak egin zituztenean hil zirenen eta euskal gizarteak sufritu zuenaren omenez altxatuko dugu.


I. Mundu Gerlaren mendeurrena dela eta, lanean ibili zarete...
Historikoki hutsune handiak ikusi ditugu eta horrek bultzatu gaitu barne ikerketa egitera. Artxibategietara joan, dokumentuak atzeman, elkarrizketak egin... ditugu. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean armistizioa izenpetu zen eguna, hazilaren 11, oroitzen dute. Oroitarriak daude herrietan eta horiek Frantziaren alde odola isuri zuten euskal soldaduak oroitarazten dituzte. Alde batetik oroitarrietan jartzen duen ‘Gure heroien omenez’ hori alimaleko gezurra da, beraiei zer nahi luketen erraten utziz gero, segur aski gerlara boluntarioki joan zirenen kopurua %5era edo iritsiko zen. Bertzela erranda, gehiengoa behartuta joan zen. Oroitarazi behar da Frantziako estatu mailan Euskal Herria izan zela intsumiso gehien izan zituen herria. Frantziako estatuaren bataz bertzekoa %1,52ra iristen dela intsumiso kopuruetan eta Euskal Herrian %25etik goiti izan ziren. Ttikitatik erran digute euskaldunak boluntario joan zirela...


'Sekula kontatu ez diguten egia' azaleratzea duzue helburu...
Eginahalak egin ditugu bertze bertsio bat emateko, urtez urte kontatu digutena ez da egia. Horregatik abiatu genuen ikerketa hori. Armistizioaren mendeurrena izanen dela baliatuz eta eginen dituzten gertakariak aurreikusiz, bezperan, hazilaren 10ean Euskal oroitzapena, Itzaletik argira ekitaldi ikusgarria antolatu dugu, euskal herritar guztiei zuzendua da, denoi eragiten digu eta... Intsumiso eta desertoreez mintzatzen garenean, andana izan ziren Baztanera edo Bidasoa aldera jo zutenak.


Guztira zenbat intsumiso izan ziren?
Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beheretik 12.000 intsumitu inguru izan ziren. Ainitz Ameriketan ziren, gerlak eztanda egin baino lehen. Historialari ainitzek errealitatea desitxuratzeko erabiltzen dute informazio hori. Intsumitu denak Ameriketan zirela eta ez zutela gerrara joateko papera hartu eta ez zirela enteratu erraten dute. Egia da gehienak han zeudela, baina irakurketa hori ez da erreala. Gainerako euskal probintzietan ere intsumitu kopurua izugarria zen. Ameriketara joan zirenen gehiengoa soldaduska ez egiteagatik joan ziren. Are gehiago, gerlak eztanda egin zuenean Ameriketan ziren kontsulatuek Ameriketan zeuden herritar guztiei beraien betebeharrak helarazteko agindua zuten. Agiriak andana batek jasoko zituzten eta jaso ez zutenek ere lortuko zuten informazioa. Honen harira, Sarako gizonezko batekin izandako elkarrizketa aipatu nahi nuke. Pentsamenduz frantsesa da, baina argi erraten zuen. Haren osabak  Lehen Mundu Gerlan parte hartua zuen. Osaba hori Kanadako lur galduetan zegoen lanean, animalien larrua saltzen egiten zuen lan, eta bakardadean bizi zen. Horrek, erraterako, ez zuen sekula agiririk jaso. Berak ederki azaldu zidan. Isolatuta egonagatik, harremanak bazituen bezeroekin eta hor izan zuen gerraren berri. Paperak egin zituen boluntarioki parte hartzeko. Euskaldunen artean baziren borondatez parte hartu zutenak, bai; baina baziren parte hartu nahi ez zutenak ere. Hori ez da kontatzen.


Batzuek Baztan-Bidasoa aldera jo zuten gerlatik ihesi...
Bai. Dongaitz izeneko lapurtar pilotari batek gerlan parte hartu zuen, baina momentu batez alde egitea erabaki zuen. Pilotari ezaguna zen, bai herrian, bai eta Bortzirietan ere. Duela ehun urteko Lesakako bestetan pilota partida jokatzekoa zuen Dongaitzek. Frantses poliziak, horren jabe izaki, barne-ikerketa bat abiatu zuen eta komisario bat Lesakara bidali zuen, bazekielako Dongaitzez gain bazirela intsumiso eta desertore andana Lesakan bilduak eta pilota partida ikusiko zutela. Komisarioak aukera ona izanen zuela ikusi zuten, hangoekin solastatzeko. Haiekin hitz egin eta informazioa ateratzera joan zela dio dokumentuak, ez noski polizia zela erranez, haien artean sartuz eta infiltratuz baizik.


Eragina ez zen Iparraldera mugatu, beraz.
Gerlak Euskal Herri osoan eragin zuen. Ibardinen, adibidez, Berako herritar batek dantzaleku bat ireki zuen, igandetan hor biltzen ziren Bortzirietako desertore eta intsumisoak. Urruñako brigada batek dantzaleku bat bazela ikusi eta gogor salatu zuen, hori onartezina zela, batzuk gerlan zeuden bitartean bertzeak hor zebiltzala... erranez. Gerla garaian horrenbertze intsumiso eta desertore izaki, eta autoritateek denak Nafarroa iparraldera etortzen zirela jakiki, soldaduak muga zaintzen jartzen zituzten. Hasieran soldadu horiek euskaldunak ziren. Nahiz eta Frantziaren ordezkari izan, intsumisoei pasatzen uzten zieten. Autoritatea horrez guztiaz konturatu zen eta euskaldunak ez ziren soldadu edo militarrak izan behar zirela erabaki zuten. Bertze agiri batean Erratzun 30 desertore inguru bilduak zirela aipatzen da, Ameriketara joateko prest zeudenak.  Elizondon ere Leandro Goienetxe delako baten berri ere badugu, hau desertoreei paper faltsuak egiteaz arduratzen zen... eta beraz, hor negoziotxo bat ere bazegoen. Ez zuen dohainik eginen. Baztango Balleko Etxetik lortzen zituen paperak, bertako herritarren izen-abizenak baliatuz eta argazkiak aldatuz... Paper horiek baliatzen zituzten Ameriketara joateko. Baztandik Bartzelonara joaten ziren eta han itsasoratu eta Ameriketara.


Ingurukoen testigantzak bildu dituzu?
Erratzuko batekin ere egon nintzen, bere aitaren historia ezagutzeko. Aita Irisarrikoa zuen, desertatu eta Baztanera joan zena. Ameriketara joan zen eta hamalau urte pasa zituen han, eta hamalau urteren ondotik Baztanera itzuli eta hor egin zuen bere bizitza. Bertze bat Mixel Dargaitz bertsolari saratarraren biloba izan da. Gerlan ibili zen, bi urtez, behartuta. Gerlan zela, bortz eguneko atsedena izaten zuten eta horietako batean ihes egin zuen. Amaiurrera jo zuen eta bertan ezkondu zen eta Otsondoko bidean, Punpulusta baserrian egon ziren. Ezaguna da, bertsolari ezaguna izan zen. Euskal Herriko Bigarren Txapelketa Nagusian, 1936an, laugarren izan zen. Bertso batean ongi islatzen du gerrarekiko izan zuen esperientzia. Abertzaletasuna XX. mendeko kontua dela eta aranatarrek ekarri zutela erraten da, baina hor ikusten da berak zer ikusten zuen. Bertze bertsolari senpertar bat, Matxin Irabola, ere, lau urtez ibili zen gerlan eta gerlaren aurkako bertsoak bota zituen, zentsuratuak izan zirenak. 1935ean, I. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapeldunorde izan zen, arras ezaguna zen garai hartan. Gaur egungo belaunaldiek, ordea, haren berri gutti dute. Nazionalismo frantsesa puri-purian zen garaian bere bertsoetan islatu zuen pentsamendu euskaldunagatik deskalifikatua izan zen. Finean, gerlak Frantziari atxikitzeko baliatu dituzte eta hegoaldeko probintziekin alderatuz, egoera bertzelakoa izan da. Hegoaldean Gerla Frankista eta Karlistetan, aurkako fronte bat izan zen, Iparraldean ez bezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun