Euskal Herriko 30. Eskolarteko bertsolari txapelketaren finala Saran eginen duten ekainaren 9an

Ttipi-Ttapa 2018ko eka. 7a, 08:02
Finalean kantatuko duten 13 bertsolariak.

Xabat Illarregi Marzol leitzarra eta Ekiñe Zapiain Arlegi beratarra dira eskualdeko ordezkariak, 13 finalisten artean

Sarak hartuko du aurten ere Euskal Herriko gazte bertsolari eta zaleen festa. Zazpi lurraldeetako 13 bertsolari ariko dira kantuan ekainaren 9an, larunbatean 11:00etan trinketean, eta bertze horrenbertze agertuko dira Lapurdiko udalerrira, egitasmoaren urteurren biribila ospatzera.

 

Hogeita hamar beteko ditu aurten Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko Txapelketak. 1989. urtean jokatu zen lehen aldiz Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan; ordurako egiten ziren herrialdeetako eskolartekoak baina urte horretan gauzatu zen Euskal Herri osoa hartu zuen lehenengoa. Ikastolen Elkartearen eskutik. Bertsolaritzaren harrobia izateko sortu zen egitasmoa eta zeregina ongi bete duela ondoriozta daiteke.

Urteroko ezinbertzeko hitzordua bihurtu da. Izaera ibiltaria du baina aurten iazko geldialdia errepikatu eta Saran izanen da bertsolarien eta, oro har, bertsozale gazteen festa handia. Bat-bateko txapelketak abiatuko du eguna eta bazkariak eta haren ondoko ikuskizunak emango dio jarraipena.

 

13 bertsolari gazte

Sarako trinketean izango da bat-bateko finala, 11:00etatik aurrera. Zazpi lurraldeetako eta 15-18 urte bitarteko hamahiru bertsolari gaztek hartuko dute parte: Arabatik, Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002) eta Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001); Baxenabarretik, Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000) eta Julen Etxeberri Etxart (Zaro, 2001); Bizkaitik, Gorka Pagonabarraga Agorria (Durango, 2000) eta Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000); Gipuzkoatik, Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001) eta Aner Peritz Manterola "Euzkitze" (Zarautz, 2002); Lapurditik, Hodei Renteria Maleta (Angelu 2000) eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001); Nafarroatik, Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Ekiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002); eta Zuberoatik, Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001).

Bi atal izanen ditu saioak. Hasierako agurraren ondotik, binaka ariko dira zortziko handian zein txikian; eta gero, puntuazioz sailkatutako lehen seirek bakarkako ariketak eginen dituzte. Egitasmoaren 30.urteurrena tarteko, Mikel Mendizabal bertsolari eta Ikastolen Elkartean bertsolaritza sustatzaile arduratan aritu denak jantziko dio txapela irabazleari.

Saioa bukatuta, ospakizunetan ohi denez, mahai bueltan segituko du festak: bazkaria izanen da Sarako Lur Berri gelan 14:00etan Idokiren eskutik, eta, ondoren, Saran'ga txarangaren doinuek eutsiko diote festaren txinpartari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun