Zugarramurdiko Sorginaren Museoaren hamargarren urteurrena ospatu dute Xareta egunean

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 28a, 12:18

Hamargarren urteurrenerako pastiza ere izan zuten Zugarramurdiko Sorginen Museoan.

Mitologiaren gelaren berinaugurazioarekin berrituko da erakusketa 

2007tik 2017ra: hamarkada oso bat pasatu da Jexux Agerrek, Zugarramurdiko orduko alkateak, Sorginen Museoko ate nagusian eguzkilorea zintzilikatu zuenetik. Leku pribilegiatu honetatik, lore sinboliko hau ekitaldi anitzeko lekukoa izan da. «Gauza aunitz eta denak hagitz aberasgarriak bizitu ditugu hamar urte hauetan», aipatu du Ainhoa Agirrek, Zugarramurdiko Garapenaren kudeatzailea.  «Zerbait berezirik azpimarratzea zaila da, bainan 2010. urtean, Logroñoko Fede Autoaren 4. mendeurrenea, izugarria izan zen». Data horietan ekitaldi jendetsu aunitz egin zen, Errioxako hiriburuarekin senidetzea izan zen…Bereziki, Zugarramurdi izena ondoko urteetan aipatua eta «modan izatea» eragin zuen. 

 

Alta, kudeatzaileak dioen bezala, hasiera zaila izan zen: «Proiektu berri batekin hutsetik hasi beharra zen, bide berriak edeki, izena egin, berezko estiloa bilatu, herriko historiarekin koerentzia galdu gabe, adibidez». Hamar urte berantago, aipatutako proiektua bai instituzionalki nola sektoreko profesionalengandik baikorki baloratua eta errespetatua den erreferentea dela jakiteak asebetetzen du.

«Ez gara gelditu jendea gure bisitatzerat noiz etorriko zain, baizik eta gure gakoa izan da produktu turistiko berritzaile eta originaleekin bisitariak erakartzea, zerbitzu on bat eta mementuko harrera ona eskeiniz», aipatu du Ainhoa Agirrek. «Azken finean, beti Herriko Etxeko eta herriko biztanleen eskutik aintzinat egiteko eragiten». Hau baita Museoaren helbururik nagusiena: bertako garapena eta zerbitzu motorea izatea, zugarramurdiarrek aukera izan dezaten bertan bizitzeko, lan egiteko eta ongi pasatzeko.

«Etorkizuna? Ez dut aunitzez gehiago eskatzen: orain arte bezain aktibo segitzea lan eginez, eta sasoiko lana egunerokoa bilakatzea zonalde osoko erronka litzateke», dio Ainhoa Agirrek.

 

Hamar urte zenbakietan

10 urte hauetan eguzkilorea 247.000 bisitarien sartzearen lekukoa izan da, batez ere bikoteak, familia ttikiak eta lagun taldeak, bainan baita ere eskoletako haurren eta jubilatuen taldeak. Besta egunetan edo zubietan, eguzkilore honek harriturik ikusi du nola eguneko sarreren errekorra urtetik urterat emendatzen zen 877 eta 893 lagun arte iragandako Aste Sainduko Ortzirala eta Larunbatean.

Ezin da ukatu Lezearen erakargarritasuna: Museorat sartzen den gehiengoak balizko akelarreen lekua bisitatua dute edo ondotik eginen dute.

Bizkaitarrak dira gehien bisitatzen dutenak, ondotik gipuzkoarrak eta nafartarrak. Bainan egia da oporraldi luzeagoetan katalandarrak eta madrildarrak izaten direla euskaldunak baino gehiago. Hala ere, pittaka pittaka jatorrien aniztasuna emendatzen doa, eta behar bada Alex de la Iglesiaren Zugarramurdiko Sorginak filmaren eraginez, estatu espainiarraren barneko aldetik bisitari kopurua haunditu da.

Baita ere, ingelesez solasten diren bisitari gehiago etortzen da, oraindik portzentaia txikian bainan emendatuz doana.

 

Mitologia Gela berria

Zalantzarik gabe, hamargarren urtemuga honek sagarnoaren zapore haundia izan du. Pierre de Lancrek inkisidoreak bidegabeki deabrutu zituen zonaldeko usadioei begi-keinu bat eginez, bisai zahar ezagunek, hauek bezain sartuta aurpegi berriek edota teknologia berriak profitatuz urruneko kolaboratzaileek erritozko sagarno txotxak egin dituzte, data berezi honen omenez topa egiteko.

Erakundeen presentzia ez da faltatu: Xaretako agintariak; Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuko zuzendaria, Margarita Cueli Erice; Ondare Historikoaren zuzendaria, Carlos Martínez Alava eta Euskal Elkargoko Turismoaren presidentea, Daniel Oltzomendi. Zorionak, eskertzeko hitzaldiak, ohorezko aurreskua, txalaparta, pastiza, sorgina… mitologia ez dira faltatu ere, eguzkilorearekin eta Sarako Mari zigantearekin eta Basajaun erraldoi beratarrarekin ordezkatuta.

Hain zuzen ere, erakusketa iraunkorrean urtemuga nabarmendu da Mitologia Gelaren berritzearekin, Stoa enpresa katalandarren eskutik, orain dela 10 urte erakusketa hau diseinatu zuena. Eskual mitologiaren pertsonaia batzuk deskribatzen ziren zutabe argiztatuen partez, gela garbitu da erdian kokatzen den mahai haundi bati lekua uzteko. Mahai honek bi ukipen-pantaila ditu: lehenbizikoan, bisitariek Ainara Azpiazu irudigile hernaniarrak diseinatu dituen izaki mitologikoei buruz gehiago jakiteko elkarri eraginen dute; bigarrenean aldiz, izaki hauek aztarnak mapa batean kokatuko dituzte. Aita Barandiaranek eta etxekoandreen irudiak ere leku nabarmena hartuko dute gela berri honetan, Sorginen Museoaren etorkizunerako berrikuntzetarako oinarria markatuko duena. 

   

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun