Lurpea elkarteak antolatutako Kobazuloen Egunak bi igande hartuko ditu aurten

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko martxoaren 11

Urdazubiko lezean %50eko deskontuaz gain, arkeologia esperimentaleko tailerra eginen dute igande goizean.

Igande honetan erdi prezioan sar daiteke Sara, Urdazubi eta Zugarramurdiko leizeetara eta bertze zenbait ekintza antolatu dituzte

Arrikrutz-Oñatiko kobak, Ekainberrik, Isturitz-Oxozelhaya kobak, Mendukiloko kobak, Pozalaguako kobak, Sarako Leizeak, Zugarramurdiko Sorginen leizeak eta Urdazubiko leizeak osatzen dute 2008an sortutako Lurpea elkartea. Martxoaren 13 eta 20an ospatuko duten kobazuloen egunerako, aipatutako leizeek ekintza desberdinak antolatu dituzte. Kobazuloen egunean sarrerek %50eko deskontua izanen dute eta bisitariek Karrantzan dagoen Fuenternilla etxea asteburu batez erabiltzeko aukera eta kobazulo parte-hartzaile guztietan sartzeko bono baten zozketan parte hartuko dute. Saran, Urdazubin eta Zugarramurdin igande honetan ospatuko dute.

 

Helburu argia dute denek, lurpeko bisitariari “seigarren kontinentea” deskubritzeko aukera ematea, hurbil izan arren hain ezezagun zaizkigun baliabide hauek ezagutzeko aukera eskainiz. Beste ekintza batzuen artean, taldeak www.lurpea.eus webgunea jarri zuen martxan eta bertan jaso daiteke kobazulo guztien informazioa.

Balio historiko zein natural handiko leku hauetan, gizakiaren iraganaren arrasto garrantzitsuak mantendu dira, eta zenbait kasutan, berauen hormak oraindik kondaira eta mitoei loturiko errito herrikoiez hitz egiten digute.

 

Eskualdeko lezeetan martxoaren 13an

Martxoaren 13ean, Oñatiko Arrikutz kobazuloan eta Sara, Urdazubi eta Zugarramurdiko lezeetan ospatuko dute Kobazuloen Eguna.

Sarako lezearen sarreretan 2x1 promozioa eginen dute igandean.

Zugarramurdiko lezeetan, aurten, lehendabiziko aldiz eta Itxusi Argazki Elkartearen laguntzarekin argazki rallya antolayu dute Lezeen Eguneko asteburuan, martxoaren 12an eta 13an.

Urdazubin bertze jarduera berezi bat eginen dute, arkeologia esperimentaleko tailer bat izanen baita. Iñaki Libanok Silex materialarekin egindako hainbat erreminta sortzeko lanen erakustaldi bat eginen du, hauen erabilera (bultzagailuak, bramaderak…) eta sua piztuko du Urdazubin duela 15.000 urte bezala.

Urdazubiko bisita gidaturako sarreren prezioko % 50en deskontuaz gain, aipatutako erakustaldia igande goizeko 11:30ean izanen da (doakoa), Ikaburu-ko haitzuloetako lorategian.

Erlazionatuak

Ainhoa Agirre-Argazki Rallya

Xorroxin irratia 2016 mar 11 Xareta   Zugarramurdi

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun