Pilotarien Batzarreak Fermin Iriarte zugarramurdiarra omendu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko eka. 19a, 07:30
Fermin Iriarte, Zugarramurdiko historiari buruzko liburua aurkeztu zuenean. Orai pilotari moduan omenduko dute.

Ekainaren 21ean egin du pilotazale elkarteak urteko ospakizuna Logroñon

Pilotari, pilotari ohi eta pilotazaleak biltzen dituen Pilotarien Batzarra elkarteak omenaldia eskaini dio ekainaren 21ean Fermin Iriarte Irigoien zugarramurdiarrari Logroñon egin den ospakizunean. 

Gazte denboran (eta oraindik orai) palaz aritu zen Iriarte eta Espainiako txapeldun izan zen zenbait urtez. Horretaz gain, kultur arloan ere nabarmendu da eta urtetan bizi izan den Zangozako Nora Abesbatzako zuzendari izan da eta Zugarramurdiko historiari buruzko liburuak ere eman ditu argitara.

1944ko otsailaren 21ean jaio zen Fermin Iriarte Zugarramurdin. 24 urtetan hasi zen tituluak pilatzen, 1968an Tuteran txapeldun izan baitzen. 1969an Zangozako Cantolagua pilotalekuaren inaugurazioan parte hartu zuen eta Zangozako taldean eskubaloiko atezain ere izan zen. 1971ean Madrilen federatu zen eta 1972an pala eta larruzko paleta txapelketak irabazi zituen. Urte hartan, gainera, Madrilekin aritu zen eta Federazio arteko txapelketan Nafarroari irabazi zion, Larumberekin bikote eginez, Casado eta Egañari 40-34 irabazita Labriten. 1973an Espainiako klub arteko txapeldun izan zen eta 1974an, pala laburrarekin Federazio arteko txapelketa irabazi zuen. Euskal-Jai, Galarreta eta Balda pilotalekuetan palako profesionala izan zen. Berrikiago, 1997 eta 1999an Zugarramurdiko pala txapelketa ere irabazi ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun