Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko sarrerak bukatu dira

Ttipi-Ttapa

2022ko finalean hartutako irudia. Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa. Argazkilaria: Alberto Elosegi

Bertsozale Elkarteak duela gutti jakinarazi du abenduaren 20an, Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko sarrerak agortu direla.

Finaleko sarrerak bukatu dira, eta beraz, online salmenta itxi dute eta egunean bertan ez dute txarteldegirik irekiko. Hala ere, finalaurrekoetako sarrerak ez direla oraindik agortu jakinarazi du. Bertsosarrerak.eus atarian erosten ahal dira. 

Bertzalde, bazkariko zein autobusetako tiketak ere webgune horretan erosten ahal dira, eta horri lotuta, antolakuntzak autobusez joateko deia egin du auto pilaketak ekiditeko. Abenduaren 14an argitaratuko dute abiapuntu bakoitzaren ordutegia.

Eskualdeko bertsolariak

Irailaren 19an hasi zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa eta eskualdeko sei bertsolarik parte hartzekoa dute: Amets Arzallus Antia (Hendaia-Sara, 1983), Ekhiñe Zapiain Arlegi (Bera, 2002), Eki Mateorena Zozaia (Leitza, 2005), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia-Lesaka, 1994) eta Xabat Illarregi Marzolek (Leitza, 2001).

Lehenbiziko fasean Eki Mateorenak, Maddi Ane Txoperenak, Ekhiñe Zapiainek eta Xabat Illarregik kantatu zuten, eta horien artean, Txoperenak eta Illarregik lortu zuten final aitzinekoetara sailkatzea. 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalista izan ziren Amets Arzallusek eta Joanes Illarregik, berriz, final aitzinekoetan hasi dute edo hastekoa dute txapelketako bidea. Amets Arzallusek, adibidez, joan den larunbatean Larraun-Lekunberriko saioan kantatu zuten, eta hantxe parte hartu zuen Xabat Illarregik ere. Saioan, Arzallus txapeldun izan zen eta hala, abenduaren 5ean, Bilboko final aitzinekoan kantatzeko txartela eskuratu du.

Joanes Illarregi Marzolek, berriz, azaroaren 7an Gernika-Lumon kantatuko du eta Maddi Ane Txoperena Iribarrenek azaroaren 14an Miarritzen. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun