Gotaine-Irabarneko saioa
Larunbat arratsaldean, Gotaine-Irabarneko Herriko gelan jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako seigarren saioa. Sei bertsolari aritu ziren Ekhi Erremundegi Beloki gai jartzailearen aginduetara, eta tartean, Xabat Illarregi Marzol leitzarra eta Ekhiñe Zapiain Arlegi beratarra.
Ariketa puntuagarri guziak bukatuta, leitzarra izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria, 676,5 puntu, eta hala, final aitzinekoetan kantatzeko txartela eskuratu zuen. Beratarrak, berriz, 616 puntu lortu zituen eta ez da hurrengo fasera pasatu.
Final aitzinekoak
Lehenbiziko fasea bukatu da, eta horrekin batera, erabakia gelditu da final aitzinekoen lehenbiziko itzuliko lau saioetan nork kantatuko duten. Alde batetik, lehenbiziko faseko saio bakoitzeko zazpi irabazleak zuzenean pasatu dira hurrengo fasera eta horiekin batera, puntu gehien bildu dituzten hamar bertsolari pasatu dira final aitzinekoetara. Bertzetik, 2022ko txapelketako zazpi finalistak ariko dira final aitzinekoetan, tartean, Amets Arzallus Antia eta Joanes Illarregi Marzol.
Hurrengo lau saioak Larraun-Lekunberrin, Eibarren, Miarritzen eta Gernika-Lumon izanen dira.
Urriaren 24an Larrun-Lekunberrin
Gai jartzaile lanetan Aizpea Garmendia Iartza ariko da, eta bertsotan, ondoko seikotea:
- Amets Arzallus Antia
- Beñat Gaztelumendi Arandia
- Gorka Pagonabarraga Agorria
- Saioa Alkaiza Guallar
- Xabat Galletebeitia Abaroa
- Xabat Illarregi Marzol
Urriaren 31n Eibarren
Gai jartzaile Igotz Alkorta Irastorza izanen da eta bertsotan, sei hauek ariko dira:
- Alaia Martin Etxebeste
- Asier Azpiroz Iztueta
- Nerea Elustondo Plazaola
- Nerea Ibarzabal Salegi
- Miren Artetxe Sarasola
- Oihana Iguaran Barandiaran
Azaroaren 7an Gernika-Lumon
Igor Menika Bengoetxea izanen da saioko gai jartzailea eta bertsotan, sei hauek eginen dute.
- Agin Alburu Rezola
- Aitor Bizkarra Ruiz
- Aitor Mendiluze Gonzalez
- Ane Labaka Mayoz
- Aner Peritz Manterola
- Joanes Illarregi Marzol
Azaroaren 14an Miarritzen
Ainhoa Larretxea Agirre beratarrak gidatuko du saioa, eta sei bertsolari hauek ariko dira:
- Andoni Rekondo Izagirre
- Julio Soto Ezkurdia
- Maddalen Arzallus Antia
- Maddi Ane Txoperena Iribarren
- Oier Etxeberria Zubimendi
- Sustrai Colina Akordarrementeria
Saio guziak 17:00etan hasiko dira eta sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian erosten ahal dira.
