Baztan-Bidasoa Aktibazio Plana

Baztan-Bidasoko talentua identifikatu eta bertako errealitatea ezagutzeko galdetegia zabaldu dute

Ttipi-Ttapa

Urriaren 16ra arte bilduko dituzte erantzunak. (Argazkia: Magnific)

Baztan-Bidasoko Aktibazio Planaren baitan, hainbat gai lantzen ari dira eta herritarren parte hartze zuzena sustatuz, galdetegi bat elkarbanatu dute. Eskualdeko talentua eta ezagutza identifikatu eta bertan bizi edo lan egiten duten pertsonen beharrak eta zailtasunak ezagutu nahi dituzte. Urriaren 16ra arte bilduko dituzte erantzunak. 

Baztan-Bidasoko Aktibazio Plana eskualdearen garapenerako eta eskualdea martxan jartzeko tresna da.  Ekintza eta proiektu ezberdinen bidez, eskualdeko erronkei modu bateratuan aurre egiteko helburua du.

Hainbat gai lantzen ari dira, eta horietako bat gazteak eta talentua da.  Gaur egungo egoera zein den jakiteko, Baztan-Bidasoko pertsonei, eta bereziki gazteei, eman nahi diete ahotsa galdetegi honen bidez: «Konturatu gara gutxi dakigula eskualdean dagoen talentuari, ezagutzari eta prestakuntzari buruz». Era berean, bertako biztanleek, eta bereziki gazteek, euren bizi proiektua eskualdean garatzeko duten errealitatea zein den ere bildu nahi dute. 

Bildutako erantzunak baliagarriak izanen dira eskualdeko gazteek beren bizi eta lan proiektuak eskualdean garatu ahal izateko behar dituzten aukerak eta baliabideak sustatu ahal izateko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun