Belateko tuneleko obretan «ziurtasunak eta gardentasuna» eskatu dute eskualdeko EH Bilduko alkateek

Ttipi-Ttapa

N-121-A erepidearen inguruko EH Bilduko alkate eta zinegotziak, asteazkenean, Ultzamako Bentan, Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako Parlamentuko ordezkariarekin batera.

Belate tuneletako eta N-121-A errepideko korridore osoko obrek kaltetutako eskualdeko EH Bilduko alkateekin bilera egin ondotik, adierazpenak egin zituzten atzo Ultzamako Bentan, Laura Aznal Nafarroako bozeramaileak. «Nafarroako lehen indar munizipalista gisa, erakundeen arteko parte-hartzea, gardentasuna eta ziurtasunak» eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari. EH Bilduren arabera, «Belateko obrak premia absolutua dira: herritarren beharrak eta interes publikoa lehenetsi behar dira».

Fernando Anbustegi, Baztango alkatea: «Errepide honetan gabiltzanok ezin dugu bide saturatu baten arriskuak gure gain hartzen segitu»

Fernando Anbustegi, Baztango alkateak aipatu zuenez, «udal ordezkari gisa, inguruko alkateak gara gure bizilagunen eguneroko kezkak hobekien ezagutzen ditugunak, eta gaur egun sentimendu orokorra kezka handikoa da. Urte aunitz daramatzagu obra hau eskatzen. Udalek beti adierazi dute kezka hori eta aitzinera egiteko beharra. Errepide honen inguruan gabiltzanok eta lan egiten dugunok ezin dugu-eta bide saturatu baten arriskuak gure gain hartzen segitu.

N-121-A errepideko korridore guztiak «trafiko-presio oso handia jasaten duen funtsezko ardatza» dela gogorarazi zuen, «eguneroko arriskuaren ideia bat egiteko, bide horrek, banaz bertze, urtean ehun ezbehar baino gehiago izaten ditu trazadura osoan, eta arrisku handiko tarteak eta garraio astunaren bolumen kritikoa biltzen ditu».

Anbustegik erran zuenez, «Gobernuak publikoki iragarri du gurekin bilduko dela bere konponbide proposamena zehazteko. Entzutera joanen gara, noski. Obra berriz hasteko eta amaitzeko epe zehatzak ezagutu nahi ditugu, eta, gainera, gure bizilagunen segurtasuna merezi duen lehentasunarekin tratatuko dela bermatu nahi dugu». Baina oraingoz, EH Bilduko alkateek, behinik behin, ez dute deialdirik hartu: «gobernuari eskatzen diogu lehenbailehen bildu gaitezen. Ez dugu gehiago itxaron».

 

Laura Aznal: «Ezin dugu onartu epeak mugarik gabe atzeratzea, obrak jarraitzea izan behar du lehentasuna»

Laura Aznal, Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko ordezkariak, bere aldetik, «topaketa honen helburu nagusia izan da zuzenean partekatzea eskura dugun informazio guztia, obrak gelditzeak sortutako egoera eta lizitazio prozesu berri batekin obrei ekiteko Gobernuak egungo kontratua eteteko hartutako erabakiaren aurrean. Alkateekin gobernuak egingo duen bileraren aurrean, argi utzi nahi dugu EH Bildutik erakundeen arteko parte-hartze maximoa, gardentasuna, ziurtasunak eta bilera ahalik eta lasterren egitea eskatzen dugu».

Azterketa bateratu horren ondotik, berriz ere errealitate eztabaidaezin bat ikusten du EH Bilduk: «obra hau eta korridore osoaren hobekuntza integrala premia absolutu eta atzeraezina dira. Ezin dugu onartu gertatutakoek epeak mugarik gabe atzeratzea; obrak jarraitzea izan behar du lehentasuna». Horregatik, interes orokorra lehenestea eskatzen dute, hau da, «hemendik aurrera ere abal juridikorik gabe diru publikotik euro bakar bat ere ordaintzen ez dela eta interes publikoa defendatzen dela bermatzea».

Publiko egin zuten bezala, Aholkularitza Juridikoaren azken txostena eman zion gobernuak EH Bilduri, eta aztertu ondoren, «ondorioztatu genuen 2025aren amaieran egiaztatu zena errepikatzen duela: gainkostuak enpresen onuraren ondorio direla. Baina ohartarazten dugu: enpresek ezin dute beren interes partikularra ase babes juridikorik ez duten diru publikoarekin».

EH Bilduren ustez, «lehentasunezkoari, obrari alegia, irtenbidea eman ondoren, gobernuak bere osotasunean azterketa bat egin beharko du, lehenik eta behin egoera horretara nola eta zergatik iritsi den argituko duena, eta enpresen maltzurkeriak zer ondorio izan ditzakeen argituko duena, eta bigarrenik, horrelako zerbait berriro ez gertatzeko bermeak eskainiko dituena».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun