EDUKI BABESTUA

Baztan-Bidasoko Aktibazio Planak beste urrats garrantzitsu bat eman du

Ttipi-Ttapa

Baztan-Bidasoko Cederna Garalurreko lantaldea. (Argazkia: Ttipi-Ttapa)

Cederna Garalurrek eskualdeko bost gazte kontratatu ditu aktibazio planean lanean aritzeko: «eskualdea ikuspegi desberdin baina osagarrietatik aztertzeko»

Cederna Garalurrek Baztan-Bidasoko bost gazte kontratatu ditu Eskualdeko Aktibazio Planean lanean aritzeko. Aldi berean, industria eta belaunaldi erreleboari lotutako bi proiektu nagusi garatzen ari dira laguntza tekniko espezializatuarekin. Udazkenean aurkeztuko dituzte publikoki lehen emaitzak eta ekintza berriak jarriko dituzte martxan.

Baztan-Bidasoko bost gazte kontratatu berri dituzue. Zertarako?

Aktibazio Plana fase berri batean sartzen ari da eta orain arte egindako diagnostiko eta koordinazio lanari jarraipena eman nahi diogu, lurraldeko informazioa eguneratuz, baliabideak eta aukerak identifikatuz eta abian diren proiektuak indartuz. Horretarako, Cederna Garalurrek eskualdeko bost gazte kontratatu ditu, bost profil desberdinekin: ekonomiko-enpresariala, industrial-teknikoa, lurralde-geografikoa, gizarte dinamizaziokoa eta komunikazio digitalekoa.

«Lurraldeko aukerak gazteengana hurbildu eta gazteen begirada Aktibazio Planera ekarri nahi dugu»

Marian Cestau Baraibar, Aktibazio Planeko teknikaria.

Gazte horiek diziplina anitzeko talde bat osatuko dute.

Ez du bakoitzak bere aldetik lan eginen, taldean ariko gara. Eskualdea ikuspegi desberdin baina osagarrietatik aztertzea da asmoa. Landa lana egin, eragileekin harremanetan jarri, informazioa bildu eta sistematizatu, baliabideak mapan kokatu eta Aktibazio Planaren proiektuetan lagunduko dute.

Marian Cestau Baraibar, Aktibazio Planeko teknikaria.

Beraz, talentua atxikitzeaz hitz egin baino gehiago, tokiko talentuari aukera bat ere eskaintzen ari zarete.

Hori da. Eskualdeko talentua ezagutu eta aukerekin lotu nahi badugu, koherentea bezain beharrezkoa da gazteei lurraldearen garapenean parte hartzeko aukera ematea. Gainera, haien begirada ezinbestekoa da guretzat. Ez ditugu soilik lan batzuk egiteko kontratatu; eskualdea nola ikusten duten, zer behar identifikatzen dituzten eta zer proposatzen duten ere entzun nahi dugu. Etorkizuna ezin liteke beraiek gabe eraiki, irudikatu edota proiektatu.

«Etorkizuna ezin da eraiki, irudikatu eta proiektatu gure eskualdeko gaztedia gabe»

Marian Cestau Baraibar, Aktibazio Planeko teknikaria.

Nola eginen duzue hori?

Baztan-Bidasoko talentu gaztea hobeki ezagutu eta harekin lotura mantentzeko sistema bat lantzea da asmoa; hemen bizi, ikasi, lan egin edo ekintzaile direnekin, baita kanpoan daudenekin ere. Helburua lurraldeko aukerak gazteengana hurbiltzea eta gazteen begirada Aktibazio Planera ekartzea da.

Bost gazteen kontratazioaz gain, zer proiektu daude une honetan martxan?

Bi lan-ildo nagusi garatzen ari gara kanpoko laguntza tekniko espezializatuarekin. Alde batetik, Industria Bultzatzeko proiektua, IKEI Research & Consultancy, S.A.ren laguntza teknikoarekin. Eskualdeko industria-ehuna hobeki ezagutzea da helburua: enpresen egoera, beharrak, gaitasunak eta aukerak aztertzea, enpresen arteko lankidetza sustatzea eta lehiakortasunari, digitalizazioari, jasangarritasunari edo ekonomia zirkularrari lotutako aukerak identifikatzea.

Bestetik, Belaunaldi Erreleboaren proiektua, EKINTZA KOOPen laguntza teknikoarekin. Datozen urteetan erretiro-prozesuei aurre egin beharko dieten enpresa eta jarduerak identifikatu nahi ditugu, egoerak aldez aurretik ezagutu eta, ahal den neurrian, jardueraren, enpleguaren eta ezagutzaren jarraipena errazteko. Bi proiektuek hala nola 5 kontratazio berriek ere Nafarroako Gobernuko Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren finantzaketa dute.

Eta noiz ezagutuko dira lan horien emaitzak?

Udazkenean emaitzak publikoki aurkeztea aurreikusten dugu. Baina helburua ez da diagnostikoak egin eta dokumentu batean gordetzea. Hainbat ekintza burutzea aurreikusten dugu: formakuntza saioak, tailerrak, jardunaldi tematikoak, ekonomia zirkularra eta ekonomia eredu berritzaileen ingurukoak...

Baina, zer da zehazki Baztan-Bidasoko Aktibazio Plana?

Eskualdearen garapen sozioekonomikoa modu koordinatuan bultzatzeko tresna da. Ideia sinple baina garrantzitsu batetik abiatzen da: gure udalerrietako erronka eta aukera asko ezin dira udalerri bakoitzetik modu isolatuan landu.

Belaunaldi erreleboa, talentua, enpresa-lehiakortasuna, prestakuntza, trantsizio energetikoa edo digitalizazioa bezalako gai askok udal mugak gainditzen dituzte. Horregatik, Aktibazio Plana ez da proiektu zerrenda bat edo dirulaguntzak eskuratzeko tresna hutsa. Lankidetza eta gobernantzarako tresna ere bada, erronkak identifikatzeko, baliabideak lortzeko, eragileak konektatzeko eta etorkizuneko ikuspegi partekatua eraikitzeko. 

«Eskualde ikuspegia sortu eta globalean pentsatzea ezinbestekoa da»

Marian Cestau Baraibar, Aktibazio Planeko teknikaria.

Eta zein da Cederna Garalurren egitekoa prozesu horretan?

Cederna Garalur Nafarroako Mendialdean lan egiten duen tokiko garapenerako erakundea da. Baztan-Bidasoan dagoeneko lurraldean lanean ari den diziplina anitzeko talde bat dugu, hainbat arlotako profesionalek osatua: garapen-agenteak, elikadura teknikariak, turismokoa, merkataritzakoa, euskara teknikaria...

Lurraldetik bertatik egiten duzue lan.

Udalekin, enpresekin, ekintzaileekin, elkarteekin, ikastetxeekin eta beste eragile publiko zein pribatuekin aritzen gara elkarlanean. Horri esker, arlo bakoitzeko ezagutza espezializatua eta eskualdearen ikuspegi orokorra uztartu ditzakegu. Aktibazio Planaren bidez, gainera, talde horren arteko koordinazioa eta zeharkako lana indartu nahi ditugu, lurraldeko beharrak eta aukerak ikuspegi partekatu batetik lantzeko. Cederna Garalurrek Planaren koordinazioa eta laguntza teknikoa eskaintzen ditu, baina lana ez dugu bakarrik egiten: lurraldeko gainerako eragileekin batera egiten dugu.

Horregatik jarri duzue hainbeste azpimarra eskualde gisa lan egitean?

Bai. Eskualdea ez da soilik mapa administratibo bat. Baztan-Bidasoan 22.000 pertsona baino gehiago bizi gara eta enpresak, erakundeak, ezagutza, baliabideak eta aukerak partekatzen ditugu. Eskualde gisa lan egiteak ez du esan nahi gure herrian pentsatzeari uztea; erronka eta aukera asko partekatuak direla ulertzea baizik.

Zeintzuk dira horrek dakartzan onurak?

Lankidetzak informazioa eta ezagutza partekatzea, koordinazioa hobetzea, bikoiztasunak saihestea, behar komunak identifikatzea eta baliabideak hobeki aprobetxatzea ahalbidetzen digu.

21 udaletako eta Cederna Garalurreko ordezkariak Donezteben apirilaren 30ean egindako hitzarmen sinaduran.

Eta nork osatzen du sare hori?

Aktibazio Plana ez da Cederna Garalurren proiektu bat bakarrik. Baztan-Bidasoko 21 udalek eta lurraldeko beste hainbat eragilek parte hartzen dute. Apirilaren 30ean, 21 udalek eta Cederna Garalurrek lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Bera, Lesaka, Igantzi, Etxalar, Arantza, Sunbilla, Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Saldias, Eratsun, Ezkurra, Beintza-Labaien, Oitz, Donamaria, Urrotz, Bertizarana, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdik. Horrez gain, ezinbestekoak dira enpresak, enpresa-elkarteak, ikastetxeak eta Lanbide Heziketako zentroak, gizarte-erakundeak, ekintzaileak, gazteak, lehen sektoreko eragileak eta lurraldeko beste kolektibo batzuk. 

Zein da, azken batean, erronka nagusia?

Proiektuak eta inbertsioak garrantzitsuak dira, baina aldaketa sakonak ez dira proiektu bakar batekin gertatzen. Erronka nagusietako bat lankidetza-kultura sendotzea da: konfiantza, harremanak eta ikuspegi partekatua eraikitzea. Azken batean, helburua ez da proiektu gehiago egitea bakarrik: Baztan-Bidasoak eskualde gisa gero eta hobeki pentsatzeko, erabakitzeko eta jarduteko gaitasuna eraikitzea da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun