Mendiko sute batean etxea erretzeko arriskutik libratzeko, prestatu eta garbitu etxe bazterrak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 18a

Irudia Els Bombers de la Generalitat de Catalunya-ren bideo batetik hartua, Baix Empordàko inguruetan lanean ari zirenean.

Baserri mundua eta herri bazterretako belai eta soroak eskutik utzi eta desagertzen joan diren neurri berean, arbolak eta sastrakak etxe eta baserrietako ateetaraino sartu dira azkeneko urteotan. Horretaz jabetuta, mendiko suteetatik autobabesteko hainbat argibide eman ditu Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak.

 
Uda aitzinetik, etxe eta baserri bazterrak garbitu 30 metroko segurtasun perimetroan

Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak oinarrizko gomendio batzuk eman ditu etxebizitzak mendiko sute batetik babesteko. Izan ere, «prebentzioa arrisku denboraldia hasi aurretik hartu beharreko erantzukizuna da, hau da, uda baino lehen» nabarmendu dute.

  1. Etxearen buelta osoa landaretzarik gabe mantendu, 10 metroko perimetroan.
  2. Teilatuan teilen artean eta erretenetan egon litezkeen hosto idorrak eta goroldioak kendu.
  3. Su egur pilak eta gas bonbonak leku seguruetan altxatu.
  4. Kendu sasiak eta sastrakak etxearen bueltan, 30 metroko perimetroan. Horrela eginez gero, sua etxera hurbilduko balitz, segurtasun perimetro horrek babestuko du etxea.
  5. Kasu eman landarez egindako itxiturekin. Hobe erretxina duten hesi horiek suarekiko erresistenteak diren bertze landare espezie batzuekin ordezkatzea.
Eta sua etxera hurbiltzen ari dela ikusiz gero
  1. Lehenik eta behin, 112 larrialdi telefonora deitu eta garbi azaldu gertatzen ari dena, sua non dagoen eta abar.
  2. Inguruan legokeen ketik babesteko, itxi etxeko ateak, leihoak eta zirrikituak kerik ez sartzeko etxe barnera.
  3. Itzali gasa, gasolioa eta elektrizitatea.
  4. Adi egon babes zibileko arduradunek alerta deirik edo seinalerik egiten duten, eta ebakuazio agindua emanez gero, kasu egin ematen dituzten jarraibideei.
Lasaitasuna mantendu

Azkenik, «lasai egotearen garrantzia» azpimarratu dute suhiltzaileek. Mendiko sute baten aurrean beldurra erreakzio naturala bada ere, lasai egoteak erabaki arrazionalagoak eta eraginkorragoak hartzen lagunduko digu. Autobabes neurri horiek ezagutzea eta larrialdi zerbitzuen jarraibideei kasu egitea erabakigarria izan daiteke bizitzak babesteko eta kalteak gutxitzeko. Aldez aurreko prestakuntza, banakako erantzukizuna eta agintariekiko lankidetza dira mehatxu horri aurre egiteko «funtsezko zutabeak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun