Dagoeneko hasita dagoen sute batekin leku ireki batean topo eginez gero, sugar handiekin, ke trinkoarekin eta hedapen azkarreko sugarrekin, aukera bakarra berehala alde egitea izanen da. «Garrantzitsua da haizearen kontrako noranzkoan ihes egitea, keak ito ez gaitzan. Eta maldan behera joatea ere bai, sua maldan gora azkar igotzen baita. Egokiena eremu soiletara jaistea da, konparaziora bide eta errepideetara, edota dagoeneko erreta dauden eremuetara. Gainera, suak hartzen ahal dituen landaretza trinkoko eremuak saihestu behar ditugu».
Ke trinkoarekin inguratuak baldin bagaude, ahoa eta sudurra arropa hezearekin estaltzea gomendatzen dute, errekuntzak sortzen dituen partikula toxikoak iragazteko eta arnasa hobeki hartu ahal izateko. Berriz ere, 112 telefonora deitu behar da lehenbailehen, eta larrialdi zerbitzuei egoeraren berri eman behar zaie. Gainera, larrialdietako telefonotik jarraibideak eman ahal izanen dizkigute nola jokatu jakiteko.
Lasaitasuna mantendu
Mendiko sute bat ikustean beldurra sentitzea erreakzio naturala bada ere, lasai egoteak erabaki arrazionalagoak eta eraginkorragoak hartzen laguntzen digu. Hortaz, autobabes neurri horiek ezagutzea eta larrialdi zerbitzuen jarraibideei kasu egitea, baita Babes Zibilak emandako abisuei ere, erabakigarria izan daiteke bizitzak babesteko eta kalteak gutxitzeko. «Aldez aurreko prestakuntza, norbanakoen erantzukizuna eta agintariekiko lankidetza dira mehatxu egoera horiei aurre egiteko funtsezko zutabeak», azpimarratu du suhiltzaileen zerbitzuko sarjentuak.