Unibertsitatera sartzeko probari buruz Lekaroz institutuko Mikel Valverde, Jasone Baylon, Lilia Hearn, Ekain Telletxea eta Leire Uribe-Etxebarriarekin

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 20a

Goian, ezkerretik hasita, Mikel Valverde, Jasone Baylon eta Lilia Hearn. Beheitian, ezkerretik hasita, Ekain Telletxea eta Leire Uribe-Etxebarria

Lekaroz institutuko ikasleek ere unibertsitatera sartzeko proba egin dute aurten. Zehazki, 53 ikaslek egin dute, eta horien artean, TTIPI-TTAPArekin solastatu diren Mikel Valverde Erasun doneztebarrak, Jasone Baylon Urtasun iruritarrak, Lilia Hearn Mentaberri zugarramurdiarrak, Ekain Telletxea Odriozola donamariarrak eta Leire Uribe-Etxebarria Iturriria erratzuarrak.

Zer moduzko esperientzia izan zen unibertsitatera sartzeko proba egitea?

Mikel Valverde: Orokorrean ez zen pentsatzen nuen bezain gogorra izan. Egia da aitzineko egunean urduri sentitzen nintzela, baina lehenbiziko azterketa egin ondotik, bertze azterketak lasaitasunez egin nituen.

Jasone Baylon: Espero nuena baino pixka bat makurragoa izan zen. Trankil joana nintzen, ez nuelako behar notarik. Eta normalean, azterketetan, 2. Batxilerrean arras-arras trankil ibili naiz. Baina leku berria, jende aunitz.. Hasmentan nahiko zaila izan zen, baina gero, hobekiago.

Lilia Hearn: Selektibitatea nahiko ongi pasatu nuen. Niretako zailena aitzineko asteetako prestatzeko prozesua izan zen. Baina unibertsitatera ailegatzean, eta azterketak egiten hastean, lasaitu nintzen eta nahiko ongi moldatu nintzen. Dinamikoa izan zen.

Ekain Telletxea: Nahiz eta helbururik gabe joan nintzen, azterketak Iruñean egite horrek neure buruari presio puntu bat gehitu ziola erraten ahal da.

Leire Uribe-Etxebarria: Espero baino esperientzia hobea izan zen. Bi urte horretarako prestatzen pasatu ditugu eta beldurra sartua ziguten. Baina azkenean, ez zen hainbertzerako izan. Bizpahiru egun dira eta niri di-da pasatu zitzaizkidan. Gainera, lagunen artean, nahiko eramangarria egin zitzaidan.

Zenbat azterketa egin zenituzten?

Mikel Valverde: Zazpi azterketa egin nituen. Fase orokorrekoak Gaztelania, Historia, Euskara, Matematika eta Frantsesa, eta hirugarren egunean, borondatezko fasekoak, Fisika eta Marrazketa.

Jasone Baylon: Zazpi azterketa egin nituen: derrigorrezkoak, tartean Historia, eta horrez gain, Marrazketa Teknikoa eta Fisika. 

Lilia Hearn: Zazpi azterketa egin nituen: derrigorrezkoak Gaztelania, Euskara, Frantsesa, Matematika eta Historia; eta hautazkoak Filosofia eta Ingelesa.

Ekain Telletxea: Nahitaezko bortzak egin nituen eta borondatezko fasean, Biologiara aurkeztu nintzen.

Leire Uribe-Etxebarria: Nahitaezkoak egin nituen, bortz guztira. Ikasi nahi dudanarendako ez nuen gainerakoak egiteko beharrik.

Nolako ikasturtea izan da?

Mikel Valverde: Urte guztian USPren presioa nabaria izan da. Ez nuke erranen urtea osotasunean gogorra izan denik, azterketak ez genituenean lasaia izan delako. Hala ere, egia da azterketen astean dena egiteko denbora ez izateak estres momentuak eragin dituela.

Jasone Baylon: Ikasturtea ongi joan da. Pertsona nahiko lasaia naiz, eta arras ongi ibili naiz.

Lilia Hearn: Ikasturtea nahiko gogorra egin zait. Exijentzia maila duen ikasturtea da, gaitegi aunitz dituena, eta presio handia eragiten du, nota onak behar duzulako karreran sartzeko.

Ekain Telletxea: Batxilergoan pasatutako bi ikasturteak, oro har, oroitzapen politekin oroituko ditut betiko, bertan eraikitako harremanek Batxilergoko gogortasuna leuntzen anitz lagundu baitidate.

Leire Uribe-Etxebarria: 2. Batxilerra nahiko gogorra izan da, baina aldi berean, ez dela hainbertzerako izan erranen nuke. Bertze ikasturteetan exijitu ez duten maila eskatu dute, eta azkenean presio puntu hori sumatzen da. Baina nahiko ongi eraman dut, eta lagunekin hobekiago. Azken batean, pixka bat ikasten baduzu eta gogoarekin hartzen baduzu, aise egiten ahal da.

Zer ikasteko asmoa duzue?

Mikel Valverde: Industria Teknologien Ingeniaritza ikasteko asmoa dut, Iruñean.

Jasone Baylon: Ingeniaritza Industriala ikasi nahi dut.

Lilia Hearn: Betitik Psikologia ikasi nahi izan dut.

Ekain Telletxea: Gezurra badirudi ere, bizpahiru aukeren artean zalantzati nabil. Azken momentuko inspirazioaren bila ari naizela erraten ahal da.

Leire Uribe-Etxebarria: Euskal Filologia ikasi nahi dut Gasteizen.

Zerbait gaineratu nahi duzue?

Mikel Valverde: Etapa gogorra izan arren, momentu onez disfrutatzea posiblea izan da. Gainera, bi urte hauetan egindako harremanak betiko izatea espero dut.

Jasone Baylon: Animo heldu den urtean tokatzen zaienei!

Lilia Hearn: Bi urte hauetan ikaskideen artean sortu den harremana aipatuko nuke eta bertzalde, heldu den urtean etapa hau pasatuko dutenei lasai hartzeko, esfortzu pixka batekin ateratzen delako.

Ekain Telletxea: Ezinezkoa da urte hauetan zehar ikasitako eduki guztiak ordu eta erdian islatzea. Horregatik, USPren desagerpena iragartzen duen albistea arrunt kontent leituko nuke. Bertzalde, baxoa guztia euskaraz egiteko borrokan ari diren ikasleei, babesa adierazteko probextu nahi nuke. Baxoa euskaraz orain!

Leire Uribe-Etxebarria: Batxilergoa edo selektibitatea egiteko beldurra duen jendeari lasai egoteko erranen nioke, ez dela hainbertzerako. Denok egiten dugun zerbait da,  eta pixka bat ikasiz gero eta gogoarekin hartuz gero, aise egiten ahal da.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun