Jon TELLETXEA JUANENA I Beintza-Labaiengo alkatea
«Pixkanaka hobetzen joan da, eta gaur egun, finkatutako besta da. Ttiki askoren artean gauza handiak egin daitezkeela erakusten duen adibide argia da; elkartasun besta bat. Zahar eta gazte, denendako ekitaldiak izaten dira, eta animatu, egun ederra pasatuko dugu eta».
Andres ETXENIKE IRIARTE I Bertizaranako alkatea
«Egun polita izaten da eta urtetik urtera goiti doa. Denborak aunitz egiten du, txarrarekin ez baita horrenbertze jende animatzen, baina ona baldin bada bai, eta hondarreko urteetan hori ikusi dugu. Aurten Legasan izanen da, guretako hurbilago, eta ea jendeak parte hartzen duen».

Natalia REKARTE OTEIZA I Donamariako alkatea
«Herri ttikiak gara eta bakarka ezin dugu. Egun honek denak bat garela erakusteko balio du, baita gure herriak ezagutzeko ere. Pixkanaka indar handia hartu du eta jendea gogotsu izaten da. Argi izan behar dugu ez dela besta egiten den herri horretako eguna bakarrik, denona baizik».

Arantxa ARREGI ALBERRO I Doneztebeko alkatea
«Gauza guziek bezala, indarra hartzeko denbora behar izan du, baina egun polita bihurtu da. Basaburu Ttikia, Bertizarana... hor dugu betiko eztabaida, baina Malerreka azken batean zerbitzu publikoak biltzen dituen udalen aukera da eta elkartasun hori adieraztea inportantea da».

Nagore ESKUDERO BALEZTENA I Eratsungo alkatea
«Inguruko herri guzietako jendea biltzeko egun ederra da, adin guzietakoak elkartzeko balio duena. Gero eta jende gehiago biltzen da eta horrek erakusten du herritarrek gustuko dutela. Aurrera segitu beharko luke. Herritarrei orain arte bezala parte hartzeko esanen nieke».

Jaione ZABALO JUANTORENA I Ezkurrako alkatea
«Halako ekimenek balio handia dute tokiko identitatea indartzeko eta komunitatea bizirik mantentzeko. Hortaz, garrantzitsua da denon artean bultzatzea. Denon artean egiten dugu egun hau berezi. Urtez urte gero eta jende gehiago animatzen da, eta hori seinale ona da».

Jabier BEREAU MIKELARENA I Iturengo alkatea
«Egun berezi bat egiteko intentzioarekin hasi ginen, eta hala izaten segitzen du. Gainera, urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen da eta aunitzez hobekiago doa. Lana du, batez ere, antolatzen duen herriak, baina herri guziek laguntzen dute eta egun ederra ateratzen da».

Rakel ARIZTEGI ARIZTIA I Oizko zinegotzia
«Nor garen eta herri bezala noraino ailegatzen ahal garen erakusteko egun berezia da, positiboa zentzu guzietan: elkartasuna, lankidetza... Denak bat gara eta hori herriari transmititu eta lanari ekin behar diogu. Ikaragarri egun polita da eta merezi du urtean egun bat horretarako bereiztea».

Iñigo ZUBELDIA TELLETXEA I Saldiasko alkatea
«Beste lekuetako loturarik ez dago, udal bakoitza entitate bat delako, baina denok dugu mankomunitatearen beharra eta bete-beteko ekimena da. Ibiltaria izatea berezia da, eta askori sekula ikusi gabeko herriak ezagutzeko aukera eman die. Atzeko lana eskertzeko modua da bertaratzea».

Marga ERDOZAIN AZPILIKUETA I Sunbillako zinegotzia
«Gure herriarekiko atxikimendutik eskualdeko ikuspegi orokorrera salto egiteko tresna da. Herri ttikiak gara eta hainbat zerbitzutarako batasuna behar dugu. Maiatzaren 30a besta eguna dugu eta gainerakoetan, auzolanez bizitzeko herrigintza sustatu behar dugu».

Maria ELIZONDO ETXEGIA I Urrozko zinegotzia
«Inguruko jendea elkartzeko eta denek parte hartzeko egun polita izaten da. Antolatzea lana da, eta bagara herri handiagoak eta ttikiagoak, eta denok ez dugu gaitasun iguala. Baina polita litzateke segida izatea. Gainera, urtetik urtera gero eta jende gehiagok parte hartzen du».

Ernesto DOMINGUEZ OLEA I Zubietako alkatea
«Herrien eta herritarren arteko harremanak sendotzeko eguna da. Erabat egonkortua eta herritarren parte hartzea bikaina da. Gainera, formatuari esker, herri guzietara ailegatzen da. Legasara joatera animatuko nituzke herritarrak, elkarrekin egun polit eta atsegina pasatzera».

