Malerrekako Eguna larunbat honetan Legasan eginen dute

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 27a

Iazko Malerrekako Egunean Beintza-Labainenen hartutako irudia. Argazkia: Ondikol.

Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten udalerri guzietako buelta borobiltzeko, aurten Legasan eginen dute Malerrekako Eguna. Egitarau bete-betea prestatu dute.

Maiatzeko hondarreko larunbatean egiten dute hitzordua. Eta hala izanen da aurten ere: Maiatzaren 30ean, larunbat honetan, Malerrekako Eguna ospatuko dute. Legasa aukeratu dute horretarako, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Aurtengoa Malerrekako Egunaren hamahirugarren edizioa izanen da eta horrela borobilduko dute 2012an Zubietan hasitako udalerriz udalerriko lehenbiziko buelta. Tarte horretan, Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten hamahiru udalerrietan batetik bertzera ibili da lekukoa.

Autobus zerbitzua

Aurten ere autobus zerbitzua paratuko dute Legasara joateko eta Legasatik bueltatzeko. Goizean, 09:30ean, 11:00etan eta 12:30ean Ezkurratik atera, eta bidean Zubietan, Iturenen, Elgorriagan, Donezteben eta Sunbillan geldialdia eginen dute autobusek. Eta arratsaldean aldrebes eginen dute buelta. Legasatik ateratzeko bertze hiru autobus izanen dira:  18:00etan, 20:30ean eta 22:00etan. 

Hemezortzi omendu

Malerrekako Eguneko egitarauaren barrenean, dagoeneko ohiko bihurtu da adinduak omentzeko hitzordua. Aldi honetan, 85 urtetik goitiko Bertizaranako hemezortzi herritarrek hartuko dute aitortza: Francisco Arregi Belarra, M. Paz Askunze Etxart, Fermin Zelaieta Lastiri, Mari Carmen Garrido Martinez, Inocencia Hernandorena Etxepare, M. Paz Hernandorena Etxepare, Miguel Hernandorena Etxepare, Antonio Hita Etxeberria, Maria Jesus Intxauspe Azkona, Maria Concepcion Iñigo Ariztegi, Jeronimo Juanotena Aldaia, Florencio Lasaga Munarriz, Maria Teresa Lasaga Munarriz, Javier Jose Mazizior Zeniga, Joaquin Oteiza Urroz, Maria Dionisia Rekarte Etxarren, Maria Luz Rekarte Ibarra eta Juana Turrillas Ansorena. 

Heldu den urtetik aitzinera zer?

2012an Zubietak hartu zuen Malerrekako Egunaren erronka, 2013an erantsundarren txanda izan zen; 2014an Donezteben egin zuten, 2015ean Elgorriagan, 2016an Iturenen, 2017an Urrozen, 2018an Sunbillan, 2019an Ezkurran, 2022an Donamarian, 2023an Oizen, 2024an Saldiasen eta joan den urtean Beintza-Labaienen eginda, aurten Bertizaranan eginen dute, Legasan. 

Urteotan izan duen erantzunarekin kontent da Jon Etxague Goia Malerrekako Mankomunitateko idazkari-kontu hartzailea: «Ekimen arrakastatsua izan da. Urtetik urtera parte hartzea handitzen joan da, eta gaur egun eskualdean arrunt errotua eta ezaguna den ekitaldia bihurtu da». Gehiago ere bai. Bere ustez, «Malerrekako herrien arteko nortasun komuna indartzeko balio izan du, udalerrien arteko harremanak, elkarlana eta koordinazioa sendotuz». Aldi berean, «Malerreka marka zabaltzeko eta Nafarroan gero eta ezagunagoa eta identifikagarriagoa izateko lagungarria» izan dela iruditzen zaio: «Azken finean, eskualdeko kohesionatuago eta biziago bat eraikitzen lagundu duen egitasmoa da».

Etorkizunera begira, segida izanen duen, ordea, ez du argitu. Maiatzaren 30eko ilunabarrean eginen duten ekitaldian iragarriko dute zer pasatuko den Malerrekako Egunarekin. 

Egun osoko besta

  • 10:30ean Harrera ekitaldia. Herrietako ordezkariek hasiera emanen diote egunari eta Bertizaranako Udalak 85 urtetik goitiko Bertizaranako adinduei omenaldia eginen die. Malerrekako musikariak herrian barna.
  • 11:00etatik 14:00etara artisauak eta talogileak plazan.
  • 11:00etatik 12:00etara dantzariak.
  • 12:00etatik 13:30era buruhandiak herrian eta herri kirol saioa (aizkolariak eta harri altxatzaileak).
  • 13:30ean joaldunak.
  • 14:00etan paella jatea plazan.
  • 16:00etatik 19:00etara Mus Txapelketako finala.
  • 16:30etik 17:30era Batukada.
  • 17:30etik 20:00etara musika plazan; merienda eta umeendako jokoak eta tailerrak plazan; buruhandiak kalejiran.
  • 20:30ean zozketa eta mus txapelketako sari banaketa. Lekukoa pasatzeko ekitaldia.
  • 21:00etan afaria.
  • 23:00etatik 05:00etara DJ Alkaperekin musika. 

Mus txapelketako ordezkariak

  • Beintza-Labaien: Leire Elizondo eta Saioa Oteiza.
  • Donamaria: Miguel Mari Etxegarai eta Alfredo Mendiberri.
  • Doneztebe: Jon Larunbe eta Mikel Villamea, eta Koteto Ezkurra eta Iñigo Belarra.
  • Eratsun: Mikel Telletxea eta Miguel Mari Urrutia.
  • Ezkurra: Jose luis Gorostiaga eta Miguel Telletxea.
  • Legasa
  • Oiz: Alberto San Miguel eta Jexux Ariztegi.
  • Saldias: Jacinto Dominguez eta Julian Erasun.
  • Sunbilla: Nieves Biurrarena eta Pattere Galzagorri.
  • Urroz: Imanol Juanena eta Josu Zozaia.
  • Zubieta: Fermintxo Etxekolonea eta Ernesto Dominguez. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun