«Ainhoako herritarrak biziki kontent gara laugarren aldiz Herri Haitadan parte hartzeko aukera izanen dugulako. Herri Haitadari esker, lehenago inguruko bertze herritarrekin genituen harremanak berriz hartzen ahalko ditugula iruditzen zaigu. Berako Herri Haitadan Ainhoako herritar guziek parte hartuko dute, gazteek eta zaharrek, eta denak izugarri motibatuak dira parte hartzeko».
«Hilabete dezente daramatzagu elkartzen aurten Beran antolatzea tokatzen zaigulako. Garrantzitsua iruditzen zaigu Herri Haitada bizirik mantentzea eta antolatzea, ezarri dizkiguten muga inposatu horiek, gure artean urte luzez naturalak izan diren harremanak mugatu dituztelako. Harreman horiek berreskuratzeko eta sendotzeko egun hagitz garrantzitsua iruditzen zaigu Herri Haitada».
«Urdazubiarrak ere gogotsu gaude Herri Haitadan parte hartzeko. Azken urteeran gustura ibili gara. Herri Haitadari esker, bertze herrietako jendea ezagutzeko aukera ere izan dugu eta elkarrekin harremanak sortzeko eta horrekin kontent gaude. Taldeak antolatzeko orduan, batzuetan nahikoa lan izaten dugu proba denetarako taldeak aitzinera ateratzeko. Ateratzen ditugu, eta kontent».
«Etxalartik hagitz inportantea iruditzen zaigu Herri Haitadan parte hartzea batez ere gure bizilagunak diren herritarrekin ez dugulako harreman haundirik. Aitzakia honekin harreman berriak egiten ari gara eta hagitz polita da joko eta besta egun honetan gauza politak egitea. Antolaketa mailan udala, gazteak eta Altxata ari dira parte hartzen eta taldeak osatzen eta entrenatzen. Gure aldetik ahal den guztia emanen dugu».
«Saran biziki kontent eta harro gara Herri Haitadan parte hartzeaz. Bertze herrietako ordezkariek erran duten bezala, mugak gainditzeko parada delako eta giro goxoan elkartzeko aukera ematen duelako, baina baita lehian aritzeko ere. Saran talde bat osatu dugu eta pixka bat belaunaldi guztiak elkartu ditugu. Oraino baditugu bizpahiru toki betetzeko, baina jende guztia motibatzen da eta beraz biziki ongi ari gara».
«Bertze herrietako ordezkariek erran dutenarekin ados gara gu ere eta zugarramurdiarrak kontent gaude aurten berriz ere Herri Haitadan parte hartzeaz. Honetakoan, antolakuntza beratarrei pasa diegu, eta, beraz, lan gutiago izanen dugu egunean berean eta aitzinetik. Herri Haitadan parte hartzeko taldeka antolatu gara eta Zugarramurdikoak ez diren bertze jende batzuei ere atea ireki diegu taldea osatzeko».





