Herri Haitada: muga inposatuen gainetik, batera

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 21a

Larunbat honetan, maiatzaren 23an, eginen dute Herri Haitadaren laugarren edizioa Beran. Beratarrekin batera, saratarrak, urdazubiarrak, zugarramurdiarrak, ainhoarrak eta etxalartarrak elkartuko dira inposatutako mugen gainetik herritarren arteko harremanak sustatzeko asmoz.

Euskara mingainean bilduko dira Sara, Zugarramurdi, Urdazubi, Ainhoa, Etxalar eta Berako herritarrak maiatzaren 23an Beran. Laugarrenez eginen dute Herri Haitada baina hasierako helburu berberarekin: «Inposatutako mugen gainetik herritarren arteko harremanak sustatzea».

Harreman horiek sustatzeko, egun osorako egitaraua prestatu dute beratarrek. Goizean goizetik hasita, denera hamabi proba eginen dituzte Zelai Gorrian eta inguruan: bote luzea, bizikleta, korrika, musa, bertsoak, ingudea, sokatira, arpana, egur pila osatzea, sukaldaritza, dantza eta kultur quizz.  Lehia bigarren mailan egonen bada ere, proba bakoitzean puntuak banatuko dituzte, eta egunaren bukaeran puntu gehien biltzen dituena izanen da 2026ko Herri Haitadako irabazlea. Parte hartzaileek afaria izanen dute eta arratsean musika izanen da eguna borobiltzeko. Egunean zehar Irats Taldeko trikitilariak eta txaranga ariko dira karrikaz karrika eta Labiaga ikastolako gurasoek taloak eginen dituzte eta Ricardo Baroja eskolakoek bokatak.

Iazko garaipenaren ondotik hartu dute aurten Herri Haitada herrian antolatzeko ardura beratarrek. Iazko azaroan elkartu ziren lehendabizikoz eta geroztik hamar bat laguneko lantaldea aritu da dena prestatzen, horien artean Ane Elzaurdia eta Eider Molinero. 

Eider Molinero eta Ane Elzaurdia antolatzaileak. 

Aitzinetik ezagutzen zuten Herri Haitada bai Elzaurdiak eta Molinerok ere. Elzaurdia behin baino gehiagotan aritu da, Molinero berriz, ikusle gisa bakarrik izan da. Hala ere, ez dute zalantzarik izan antolaketa taldean buru-belarri sartzeko. «Hasieran herri mailan bilera irekiak egin genituen, eta ondotik antolaketa taldea sortu zen, nahiz eta beti egon den parte hartzeko aukera», azaldu du Molinerok. 

Herri Haitada bezalako egun bat egiteak bere lana duela onartu dute. Egun osoko ekitaldia izateaz gain, «proba aunitz» daudela azaldu du Elzaurdiak: «Lanak banatu ditugu eta bileretan elkartzean informazio hori trukatu dugu». Lan konstantea izan dela dio Molinerok: «Talde finko bat izan gara, eta gozatua izan da elkarrekin aritzea, eta denak gogotsu gaudela ikustea». 

Egun osoko antolaketaz gain, Berako taldearen antolaketaren ardura ere hartu dute, eta aurten, aldaketak egin dituzte gainera: «Azken urteetan presaka eta taldeen bidez bideratzen ziren parte hartzaileak; dantza Gure Txokoak erabakitzen zuen, lasterka Manttalek… Aurten dena herrira ireki dugu, ez genuelako horrela jokatu nahi eta arrakasta izan du», dio Molinerok. «Talde guztiak osatu ditugu, eta ikusi dugu herritar denei aukera emateak funtzionatu duela», Elzaurdiak. Gainera, lasterka eta bizikletan talde parekideagoak lortzen saiatu dira, eta «hasieran beldur pixka bat bagenuen ere, lortu dugu», gehitu du. 

Kontent dira herritarren parte hartzearekin, izan ere, kasu batzuetan behar baino jende gehiago apuntatu da, eta batzuk kanpoan utzi behar izan dituzte: «Pena da denek parte hartzea nahi dugulako, baina aitzinetik parte hartu ez dutenak lehenetsi ditugu», eman du azalpena Molinerok. 

Parte hartzeko bakarrik ez, egunean zein aitzinetik laguntzeko jende aunitz bildu dute: «Ez zaigu batere kostatu jendea lanerako lotzea», dio Elzaurdiak. Galdetegi bat zabaldu zuten horretarako, baina galdetegitik harago ere hurbildu zaie jendea laguntzeko prest.

Dena prest

Herri Haitada ongi atera dadin dena prest dute beratarrek. «Batez ere eguraldi ona egitea espero dugu eta inork minik ez hartzea», nabarmendu du Elzaurdiak. «Giro ona eta euskalduna izanen dela uste dugu»,  Molinerok. Argi utzi dute ez dutela jarrera txarrik onartuko eta horri aitzin egiteko protokoloa prestatu dutela. Hori guti ez, eta, Herri Haitadarekin bat egiten duten balio zerrenda ere prestatu dute. Aitzinetik zabaltzeaz gain, egunean berean ere zabalduko dute balio zerrenda: euskarak batzen gaitu, nor bere burua eta ondokoa begirunez zaindu, gure arteko harremanak sendotu, muga administratiboen gaindi herri bat gara, euskal kulturaren transmisioa, gure lurrarekiko errespetua eta lehia ez da helburua.

Egitaraua

  • 08:45-12:30: Bote luze partidak.
  • 09:00-10:00: Bizikleta probak.
  • 10:30-11:30: Korrika saioak.
  • 12:00: Mus partidak.
  • 12:30-13:30: Bertso probak.
  • 14:00-17:00: Herri kirol probak.
  • 15:15-17:15: Sukaldaritza proba.
  • 17:30-18:30: Dantza emanaldiak.
  • 18:30: Kultur Quizz

*Jatekoa eta musika egun osoan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun