Zer egin habiatik kanpo txorikume bat aurkitzen baduzu? edo, orkatz kume bat?

Ttipi-Ttapa 2026ko apirilaren 18a

Ageri denez, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko zentralean ehunka dei hartzen dituzte urtero (2025ean 349 dei eta 2024an 203) horrelako egoeratan zer egin behar den galdezka. Hori dela eta, Ingurumen Departamentuak gomendio zehatza egin du: «utzi txitak leku berean, ahal dela leku altu eta seguru batean, gurasoek aurki ditzaten».

Udaberri-uda hasieran, ohikoa izaten da txitak habia lehenbailehen uzten saiatzea, harraparietatik ihes eginez. Hainbatetan, oraindik hegatzeko gai izan gabe, batzuk habiatik salto egiten dute. Norbaitek txita horiek hartuko balitu, gurasoekin duten lotura hautsiko litzaieke, elikatzen segitzea eragotziz eta zainketak eta ondorengo ikaskuntza eragotziz, eta, azkenean, haien biziraupena arriskuan legoke.

Nola jokatu?

Norbaitek hegazti bat lurrean aurkitzen badu, leku altu batean uztea gomendatzen da (zuhaitz baten adarrean, teilatutxo batean...), gurasoek ikus dezaten eta elikatu dezaten. Gainera, ahalik eta gutien ukitu behar da, eta ez zaio jaten edo edaten eman behar, elikagai egokia gurasoek emanen baitiote pertsona urruntzen denean. Hegaztia leku altu batean aurkituz gero, ez jaistea gomendatzen da.


Orkatz kumea

Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak ohartarazi duenez, kasu berezi bat orkatzak dira, orkatzen kumeak. «Amak arriskuren bat ikusten duenean, norbait/zerbait hurbiltzen ari dela sumatzen duenean, kumea ezkutatu eta etzanda uzten du, eta bera ere inguruan ezkutatzen da. Hala ere, arras ohikoa da jendeak, umearekin topo egitean, abandonatuta dagoela pentsatzea eta eramatea», diote. «Norbaitek kumea bilduko balu, animaliaren bizitza arrisku bizian jartzen du; izan ere, eskuz hazteko animalia zailak dira, eta amaren ikasketa guztia galtzen dute. Kontrara, bizirik irautea lortuta ere, kaiolatuta biziko dira bizitza osoan. Horregatik, onena da ez ukitzea eta ahalik eta lasterren urruntzea, ama hurbil egonen baita eta harengana hurbilduko da joaten garenean», gaineratu dute.

Ingurumen Departamentuko zentralak urteko egun guztietan ematen du arreta, 08:00etatik 22:00etara, telefonoz edo WhatsApp bidez 646 59 49 48 telefonoan edo posta elektronikoz centralmedioambiente@navarra.es helbidean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun