Nekazaritzan eta elikagaien ekoizpenean aritzen direnen edo aritu nahiko luketenen egoera, interesak, nahiak eta beharrak entzun nahi ditu Cederna Garalurrek eta horretarako bilkurak egiten ari dira eskualdeko hainbat herritan. Aste honetan Leitzan eta Goizuetan izan dira bilkurak eta heldu den astean Donezteben eta Arantzan eginen dituzte.
Doneztebeko bilkura, martxoaren 3an, asteartea, izanen da 18:00etan Herriko Etxean. Arantzakoa, berriz, ortzegunean, martxoaren 5ean, 18:00etan liburutegian.
Badira urte batzuk Cederna Garalur lanean ari dela, udalek bultzatuta, «Nafarroako Mendialdean eta Bertizarana-Bortziriak-Malerrekan tokiko elikadura sistema indartu nahian». Ekintza eta proiektu ugari egin dituzte gaiari buruz, «horietako batzuk elikagai ekoizpenari bultzada emateko helburuz. Izan ere, elikagaien ekoizpena tokiko elikadura sistemen oinarria da, eta arlo horretan ditugu erronka handienak».
Eskualdez eskualde antolatzen ari diren bileren helburua da «orain arte egindako lanaren berri ematea eta sektorean aritzen direnen edo aritu nahiko luketen egoera, interes, nahi eta beharrak aditzea».