Elikagaien ekoizpena tokiko elikadura sistemen oinarria da, ekoizpenik gabe zaila da tokiko elikadura sistema egituratzea eta indartzea eta Cederna Garalurreko teknikariek ikusi dute arlo horretan dituztela erronka handienak.
Nekazaritza sektorean lanean ez hasteko arrazoi ugari egon daitezke: «Lursail falta, inbertsioak egiteko zailtasun ekonomikoak, bideragarritasun ekonomikoarekin zalantzak, formakuntza falta...». Baina orokorrak izan daitezkeen arrazoi horietatik haratago gure eskualdeetako errealitatean eta problematika zehatzetan sakondu nahi dute. Horretarako, bilerak antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritan. Baztan-Bidasoan eta Mendialdean lehenengo sektorearekin edo elikagaien ekoizpenarekin nolabaiteko lotura dutenak saio horietako batean parte hartzera animatu nahi dituzte.
Eskualde bakoitzean orotara lauzpabost saio antolatu dituzte eta interesatuak hobekien etortzen zaien saiora joan daitezke.
Hauek dira hitzorduak:
- Goizuetako Herriko Etxean. Otsailaren 25ean, 18:00etan.
- Leitzako Mimukai Garapen Zentroan. Otsailaren 26an, 17:30ean.
- Doneztebeko Herriko Etxean. Martxoaren 3an, 18:00etan.
- Arantzako liburutegian. Martxoaren 5ean, 18:00etan.
- Zubietako Herriko Etxean. Martxoaren 13an, 18:00etan.
- Lesakako Herriko Etxean. Martxoaren 14an, 10:00etan.