Lanbide Heziketaren «egiturazko arazoak» salatu dituzte hamabortz ikastetxek, eskualdekoak biak tartean

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 25a

Baztan-Bidasoko Lanbide Heziketako irakasleak iazko azaroan Iruñean egindako protesta batean.

Elizondoko Lanbide eskolak eta Berako Toki Onak bat egin dute salaketarekin. Larunbat honetan protesta eginen dute Hezkuntza Departamentuaren aitzinean gehiengo sindikalak deituta (ELA, LAB, Steilas eta CCOO). 12:00etan izanen da protesta .

Ikasturte hasieratik protestak behin baino gehiagotan egin dituzte Nafarroako Lanbide Heziketako irakasleek. Orain, bertze pauso bat eman dute aitzinera eta Nafarroako lanbide eskolako 993 irakaslek, irakasle denen %84k, bat egin dute lanbide heziketaren egoera salatzeko. Nafarroako sare publikoko hamazazpi lanbide heziketa zentroetatik hamabortzek egin dute bat ekimenarekin, tartean Elizondoko Lanbide eskolak eta Berako Toki Onak. 

Lanbide Heziketako Irakasleen Asanbladak salatu du «egiturazko arazoak» daudela lanbide heziketan: «Lanbide heziketa duala presaka eta kaotikoki ezartzeak agerian utzi ditu lanbide heziketak dituen egiturazko arazoak, plangintzatik eta beharrezko baliabiderik gabe eta murrizketekin batera abian paratzeak larritu egin baititu arazo horiek». 

Otsailaren 28an, larunbatean, protesta eginen dute Iruñean

Asanbladak oroitarazi du ikasturte hasieratik ari direla protestak egiten eta Hezkuntza Departamentuarekin elkarrizketa eskatzen, baina trukean jaso duten erantzun bakarra «isiltasuna, antolaketa falta eta konpromiso falta» direla. Aurtengo ikasturtean hainbat mobilizazio egin dituzte, baita greba egunak ere azaroan, eta berriki, otsaila hasieran, eskualdeko bi ikastetxeetako irakasleek itxialdia egin zuten lanbide heziketako murrizketak salatzeko Elizondon. 

Asanbladaren eskaerak

Hezkuntza Departamentuari hezkuntza komunitatearen ahots entzuteko eskatu diote. Garrantzia handiko erabakiak «modu inprobisatuan eta egunerokoan hezkuntzan lanean ari diren langileekin kontsultatu gabe» hartzea egotzi diote. Horregatik, elkarrizketa «lotesleak» nahi dituzte foru gobernuarekin. «Hezkuntza Departamenduak ezin du baztertu hain babes zabala duen eskaera bat», nabarmendu dute. 

Nafarroako hamazazpi zentro publikoetatik hamabortzen babesa lortzea «mugarri historikoa» dela defendatu du Lanbide Heziketako Irakasleen Asanbladak, eta departamentuak ezin duela «ez ikusiarena» egin eskaera horren aitzinean.

Karrikan ere eginen dute protesta, larunbat honetan, otsailaren 28an protesta eginen baitute hezkuntzako gehiengo sindikalak (ELA, LAB, Steilas eta CCOO) deituta. 12:00etan izanen da protesta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aitzinean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun