Aurkeztu dituzte Geuretik Sortuak egitasmoan sortutako kultur lanak

Ttipi-Ttapa 2026ko otsailaren 9a

Ortziralean egin zuten Hernanin Geuretik Sortuak egitasmoko kultur sorkuntzen aurkezpena. Dagoeneko hasi da zirkuitu nazionala

Hirugarren aldiz egin du Udabiltzak Geuretik Sortuak kultur ekimena. 46 udalerrik hartu dute ekimenaren hirugarren edizioa, horietatik eskualdeko seik: Arantzak, Berak, Etxalarrek eta Lesakak elkarrekin hartu dute parte; Leitzak Berastegirekin hartu du parte, eta Baztanek bakarrik. 

Sortzaileak ekimenean parte hartu duten herrietan egin dute egonaldia, eta ondotik, komiki bat, antzerki obra bat, ipuin  bat edo film labur bat sortu dituzte. 30 sorkuntza lan sortu dituzte denera eta sorkuntza lan horiek denak herriz herri aurkezten hasiak dira dagoeneko. 

30 sorkuntza lan

Antzerkigintzan zortzi obra ondu dituzte. Horien artean Infinitudrama konpainiak Promesarik txikiena obra landu du Leitzan eta Berastegin. Literaturari dagokionez, Hamaika irakurtzeko jaioak izenburupean argitaratu dituzte sortutako hamaika ipuinak. Goiz Eder Iturain idazleak Etxe dotore aunitz ipuina garatu du Arantzan, Beran, Etxalarren eta Lesakan egindako egonaldian.

Zinemari dagokionez, Raul Barrera zinegileak Bitartean, gero lana grabatu du Baztanen. Proiektuan sortutako lau ikus entzunezkoak Lau haizetara piezan bildu dituzte. Komigintzan Zazpikiak bat komiki bilduman bildu dituzte zazpi sortzaileek eginiko lanak. 

Emanaldiak herriz herriz 

Sorkuntza lanak bukatuta, herriz herri aurkezten hasiak dira dagoeneko eta Leitzan eta Beran antzezlan bana taularatu dituzte dagoeneko. Heldu den asteetan emanaldi hauek izanen dira:

  • Otsailaren 22an, igandea, Etxea antzezlana taularatuko du amaHiru konpainiak Iruritako Gizarte Bilgunean 18:00etan. 
  • Otsailaren 27an, ortziralea, Goiz Eder Iturain idazlea Arantzan izanen da Etxe dotore aunitz ipuina aurkezten. 19:00etan izanen da saioa liburutegian. 
  • Martxoaren 7a, larunbata, Promesarik txikiena lana taularatuko dute Lesakan 19:00etan Harriondoan..
  • Martxoaren 15ean Zerbait sartu zait begian antzezlanaren emanaldia izanen da Baztanen.
  • Martxoaren 28an Lau haizetara zine emanaldia izanen da Baztanen.
  • Maiatzaren 3an Txondor plaza lana jokatuko dute Baztanen. 
  • Maiatzaren 8an Kolapsoa lana eginen dute Baztanen.
  • Maiatzaren 30ean Txondor plaza antzerkia izanen da Arantzan. 
  • Urriaren 16an Bi baso bat ur antzerkia izanen da Etxalarren. 

Emanaldi horiez gain, aipatutako herrietan film laburren proiekzio bat eta erakusketa ere eginen dituzte. Aitzinerago jakinaraziko dituzte data zehatzak. 

Agenda osoa Udalbiltzaren webgunean ikusi daiteke. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun