Euskal artisten sormena eta euskal herrietako kontakizunak uztartzea du helburua Geuretik Sortuak proiektuak, eta aurkeztu dituzte hirugarren edizioko aukeratuak. Literatura, komikigintza, zinemagintza eta antzerkigintza alorretako 30 proiektu hautatu dituzte, eta sortzaileek beka baten bitartez, egonaldiak eginen dituzte aukeratutako herrietan.
Aitzineko bi ediziotan bezala, aurten ere eskualdeko herriek presentzia izanen dute Geuretik Sortuak proiektuan. Baztanek lehen aldiz hartuko du parte eta Raúl Barreras zinemagilea izanen da egonaldia egiten. Leitzak azken edizioan bezala Berastegirekin batera emanen du beka, eta Infinito taldea izanen da antzerkia lantzen. Berak eta Lesakak hirugarren aldiz hartuko dute artista baten egonaldia, aurten, Etxalar eta Arantzarekin batera. Bortzirietako lau herri horietan izanen Goiz Eder Iturain idazlea literatura lan bat lantzen.
Eskualdeko sortzaileei dagokionez, aurten Patricia Etxegarai lesakarra hautatu dute komikigintzako lan bat garatzeko. Bizkaiko Ziortza-Bolibar herrian eginen du lesakarrak egonaldia.
Udalbiltzak 2021ean jarri zuen abian Geuretik Sortuak proiektua. «Gure herriaren kontakizuna guretik kontatzeko beharrari erantzuteko sortu zen, euskaratik eta euskaraz egindako sorkuntza bultzatzeko helburuz, eta hala izaten jarraitzen du lau urteren eta bi edizioren ondotik ere», nabarmendu zuten ortziraleko aurkezpenean. «Sortzaileak eta udalerriak harremanetan jarri, eta elkarlan horretatik eratorritako istorioak bultzatzeaz gain, hedapena ere bermatzen du kultur bekak, zirkuitu nazionalaren bidez», azaldu zuten. Lehen edizioan 26 sortzailek hartu zuten parte eta 22k bigarrenean.