
Eliza katolikoak immatrikulatutako ondasunak berreskuratzeko borrokan segitzen dute Nafarroako udalek, eta horretarako heldulekua topatu dute. Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak 26 udalerritako 174 ondasun ikertu dituzte, eta horietatik 79 kasutan erreklamatzeko frogak eta zantzuak topatu dituzte.
Gobernuko Nekazaritza zuzendaritzako herri lurren ataleko eta Intia sozietate publikoko katastro laguntzako teknikariek, federazioko langileekin batera, banaka aztertu dituzte immatrikulatutako ondasunak, eta 79 sail berezitan —hala nola baselizak, parrokia etxeak, bordak, baratzeak eta lursailak— ondasun horien titulartasun publikoaren aztarnak atzeman dituzte. Zehazki, 21 kasutan froga argiak aurkitu dira; bertze 58 kasutan, udaletan dauden artxiboak aztertuta, zantzu historikoak.
Horiek horrela, Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko kontseilariak eta Xabier Alkuaz Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak azterlanaren ondorioak aurkeztu zizkieten Iruñeko salestarren antzinako komentuko kaperan 50 alkate ingururi eta Nafarroako Ondarearen Defentsarako plataformako ordezkariei.
Kontuan hartu behar da Hipoteka Legearen 206. artikuluaren babespean Eliza katolikoak ia 3.000 ondasun immatrikulatu dituela Nafarroa osoan 1900 eta 2015 urteen artean —2.952 zehazki—, eta horietako hainbat lur komunalak direla. Egoera horren berri ematen aitzindaria izan da Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataforma.
Hitzarmena berritu dute bertze urte batez
Gobernuak eta federazioak herri ondasunak ikertzeko hitzarmena berritu dute, 2026an ikerketarekin segitu ahal izateko. Oraingoz 139 udalerrik bat egin dute itunarekin, euren herrietan elizak immatrikulatu dituen ondasunen egoera aztertzeko.
Oraindik hitzarmenarekin bat egin ez duten udalak garaiz dabiltza laguntza teknikoa eta azterketa berezi hori edukitzeko.
Akordioarekin bat egin duten udal bakoitzari txosten bereizi bat eginen zaio, eta bertan xehe-xehe bilduko zaizkio udalerriko ondasunen azterketari buruzko zertzeladak eta ondorioak. Federazioak helaraziko dio udal bakoitzari ikerlana. Dena den, oraindik hitzarmenarekin bat egin ez duten udalak garaiz dabiltza laguntza teknikoa eta azterketa berezi hori edukitzeko.
Gobernuaren eta federazioaren arteko hitzarmenak 50.000 euroko laguntza jaso du aurten. Aierdiren arabera, 1998tik hona Jose Maria Aznar Espainiako presidentearen lehen gobernuaren hipoteka legearen erreformaren ondorioz herriek galdutako ondarea berreskuratzen ahalegintzeko ihesbidea aurkitu dute orain. «Gure herrietako landa garapenarekin, herri ondarearen defentsarekin eta memoria kolektiboarekin estuki lotutako ekimena da», azpimarratu du.
Alkuazen hitzetan, «interes orokorra eta udal autonomia bermatzeko tokiko erakundeen eginkizuna indartzeko apustua da herri ondarea eta ondasun publikoak babestea». Zehaztu duenez, ondare publiko hori defenditzeko konpromiso irmoa dute. «Akordioari atxikitako toki erakunde guztietan ikertzen segitzeko borondatea du». Federazioak laguntza tekniko, juridiko eta historikoa eskaintzen die udalei ondasunak berreskuratzeko prozesuei berme handiagoz aurre egin ahal izateko.
