«Palestinako herriak Palestinako lurralde historikoan ibaitik itsasoraino askatasunaz, berdintasunaz eta justiziaz gozatzeko duen bidezko nahia» aldarrikatuz, Ibaitik itsasora lelopean Palestinari elkartasuna adierazteko ibilaldia antolatu dute. Hamaika etapatan banatuta eginen dute.
Gaur, irailak 10, Tutera-Castejon (16 km) zatia egitekoa dute; irailaren 11n Castejon-Azkoien (22 km), irailaren 12an Azkoien-Tafalla (26 km), irailaren 13an Tafalla-Soltxaga (Baldorba) (14 km), irailaren 14an M. Torres (Elortz)- Noain-Iruñea-Antsoain (20 km), irailaren 15ean Antsoain-Larraintzar (19 km), irailaren 16an Eltzaburu-Doneztebe (26,9 km), irailaren 17an Doneztebe-Elizondo (14 km), irailaren 18an Doneztebe-Bera, irailaren 19an Bera-Irun (20 km) eta irailaren 20an Irun-Hendaia (5 km).
Malerrekako hitzorduak eta Eltzaburu-Doneztebe etapa
Ibilaldia irailaren 16an ailegatuko da Malerrekara, baina horren aitzinetik, hainbat hitzordu antolatu dituzte. Larunbatean, adibidez, irailak 13, Donamarian, 16:00etan Palestinako banderak egiteko tailerra eginen dute eta 18:00etan BDZ taldearekin hartu-emana izanen dute.
Igandean, irailak 14, 16:00etan Palestinako banderak paratzeko geldituko dira Doneztebeko Merkatu Plazan. Astelehenean, hilak 15, 17:00etan falafelak egiteko elkartuko dira Iturengo Herriko Etxeko ganbaran.
Eskualdean sartuko den lehenbiziko etapa Malerrekakoa izanen da. Irailaren 16an Eltzaburutik aterako da etaDonezteben akitu. Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak Palestinaren aldeko ibilaldi honekin bat egin du, eta zehazki, Eltzaburu eta Doneztebe lotuko dituen etaparako autobusa antolatu du: 08:00etan Iruñetik (Antoniuttitik) Eltzaburura joanen da eta 19:00etan Doneztebetik Iruñera.
Etapa 09:00etan aterako da Eltzaburutik. 12:00 aldera Leurtzako urtegietara ailegatuko dira eta han hamaiketakoa eginen dute. 16:00 aldera Doneztebera ailegatuko dira, eta martxari harrera eta elkartasun keinua eginen dituzte Santa Luzia plazan. 16:30ean They Do Not Exist film laburra pantailaratuko dute eta, ondotik, solasaldia izanen da. 18:00etan luntx herrikoia eginen dute.
Doneztebe-Elizondo etapa
Irailaren 17an, 09:30ean Doneztebeko Merkatu Plazatik abiatuko da martxa, eta Bidasoko bide berdean barna, Bertizaranatik pasatuz, Baztan aldera joanen dira: 10:45 aldera Bertizko Natur Parkera ailegatuko dira. Handik Oronozera joanen dira, eta 11:00etan hamaiketakoa eginen dute plazan. Arraioz eta Oharrizen barna, 13:00 aldera Lekarozko institutura ailegatuko dira, eta handik, Baztan Berritik pasatuz, 13:30 aldera, Elizondoko plazara. 14:00etan Elizondoko plazan martxari harrera eginen diote eta ekitaldia eginen dute. 14:30ean bazkaltzeko bilduko dira Merkatuko plazan eta 17.30ean KaleARTE musikatua izanen da Txokotoko zubian.
Otordu herritarrera joateko 643 97 09 75 telefonora deitu behar da irailaren 15a baino lehen. Txartelak hamabortz eurotan salduko dituzte.
Bertzetik, irailaren 16an eta 17an, lo egiteko aukera emanen dute Donezteben. Horretarako 629 91 24 08ra eskribitu behar da.
Berako ekitaldiak eta Doneztebe-Bera etapa
Palestinaren aldeko ekimenarekin bat eginez, Beran ere ekitaldiak prestatu dituzte. Alde batetik, erakusketa irekiko dute Labiaga Ikastolako areto nagusian. Ortzirale honetan, irailaren 12an, zabalduko dute, eta asteburu honetan, irailaren 13an eta 14an, eta irailaren 27an eta 28an 17:00etatik 20:00etara ikusgai izanen da.
Horrez gain, ortzirale honetan berean, No Other Land dokumentala ikusteko aukera izanen da 19:00etan; irailaren 19an The Salt Of This Sea filma pantailaratuko dute eta irailaren 26an Omar filma. Irailaren 27an, berriz, hitzaldia izanen dute. Denak Labiaga Ikastolako areto nagusian izanen dira, 19:00etan.
Elkartasun ibilbideari dagokionez, irailaren 18an Doneztebetik Berara izanen da etapa. 09:30ean Merkatuko Plazatik aterako dira, eta bide berdean barna Berara ailegatuko dira.
14:30 aldera eginen diote harrera Beran, San Miguel zubian, eta handik Frantxia Halzuet Plazara joanen dira. 17:00etan dokumentala emanen dute Espidobaita Elkartean eta 19:00etan ekitaldia eginen dute Frantxia Halzuet plazan.
Helmugari begira
Irailaren 19an Bera eta Irun arteko etapako bidea eginen dute trenbidez, 09:00etan Berako Herriko Etxeko Plazatik abiatuta. Eta azken egunean, Irundik Hendaiara eginen dute. Hendaian hitzaldiak prestatu dituzte, eta Xiberoots taldeak kontzertua emanen du.